Abenduaren 22an banatuko dituzte Kirol Federatuaren Urteko Sariak

elgoibarren.net 2009ko abe. 3a, 17:25

 
Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak herrian dauden 19 klubek urtean zehar egiten duten lana aintzat hartzeko asmoz antolatzen ditu Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sariak. Horretarako klub bakoitzak aukeratu beharko du bere kirolean aurten saria jasotzea merezi duen pertsona eta abenduaren 14a baino lehen jakinarazi beharko dio Kirol Patronatuari.


  •   Sari hauek urtero, gabonetan, banatzen dira eta aurten, laugarren aldiz, abenduaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Musika Eskolako auditorioan izango da Elgoibarko kluben ospakizuna.
  Horretarako klub bakoitzak aukeratu beharko du bere kirolean aurten saria jasotzea merezi duen pertsona (kirolaria, direktiboa, sponsorra, laguntzailea, jokalari ohia, entrenatzailea....). Klubekoa  edo eta kirol modalitate horretan beste klub batean parte hartzen duen edozein elgoibartar izan daiteke aukeratua.
  Kirolariaren izena eta aukeratua izateko klub bakoitzak dituen arrazoiak (urteko lorpenak, traiektoria, jokaera, e.a.) abenduaren14a baino lehenago jakinarazi beharko dio Kirol Patronatuari. Era honetara, urtero, kirol modalitate bakoitzeko elgoibartar kirolari onenak sarituko dira.
  Kirol Federatuaren Urteko I. Sariak 2003. urtean banatu ziren estreinakoz. Urte batzuetako etenaldia eta gero 2007an ekin zioten berriz sariok banatzeari eta aurten, esan bezala, banatzen dituzten laugarren aldia izango da.