Koska: euskarazko rockaren aitzindariak

elgoibarren.net 2009ko abe. 10a, 14:03

 
1974an sortu zen Koska euskarazko rockaren lehen belaunaldiko taldea izan zen eta elgoibartarren lehen diskoa, Koska (IZ, 1976), euskarazko rockaren lehenengoetakoa. Koska taldearen ibilbideaz eta euskal kantagintzan izan zuen pisuaz jakin-minez bazaudete, badok.info, euskal kantagintzaren atari sortu berrian aurkituko duzue Koskaren biografia osoa. Eta baita euskal musikagintzak 60ko hamarkadatik mende hasierara arte eginiko ibilbidearen berri ere.

 

1706639981555 Koska: euskarazko rockaren aitzindariak

 Euskal kantagintzari eskainitako ataria baita, Berria eginkariak bultzatu duen www.badok.info. Egitasmo honek 40 urteko ibilbidea jasotzen du, 60ko hamarkadaren hasieran kantagintza berria sortu zenetik milurtekoaren amaierara arte. “Oso urte bizi, emankor eta aldakorrak” izan ziren euskarazko kantagintzarentzat, atarian bildutako edukiak erakusten duenez.

 Garaian garaiko bilakaera estetiko eta estilistikoaren ildo nagusiak laburbiltzen dituzten bederatzi atalez gain, 160 biografia inguru, 1.000tik gora disko, DVD eta libururi buruzko informazioa, 270 diskotako hitzak jatorrizko diseinuarekin, ehunka argazki, 300dik gora kantu, 16 diskoetxeren biografia laburrak, bibliografia bat, bideoak eta euskal kantagintzari buruzko azken albisteak aurkitu daitezke bertan. Baina hau, proiektuaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, abiapuntua besterik ez da. “Hazten, osatzen eta hobetzen joateko asmoarekin” plazaratu dute-eta www.badok.info, “gure kantagintzaren berri jaso edo eman nahi duenaren tresna eta erreferentzia izan dadin. Horretarako, guztien laguntza eta ekarpena ere garrantzitsuak izango dira”.
 Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean aurkeztuko du Berriak ataria, gaur (abenduak 11), 20:00etan.