Plan Nagusiaren aurrerapena aztertu ondoren gai batzuen inguruan duten kezka plazaratu nahi izan dute Okil Beltzak taldekoek eta hainbat iradokizun ere aurkeztu dituzte dagoeneko Udalean (beherago txostena osorik). Ingurugiroa, nekazaritza, industriguneak, etxebizitza eta ekologia dira, bereziki, talde honen kezka iturri une honetan. Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren (HAPN) aurrerapenak, bakoitzari nola eragiten dion argitu eta salatu nahi izan dute.
“Elgoibarko Antolamendu Plan Orokorrak jasangarritasun helburuak bilatzen dituela esan arren, kasu gehienetan betetzen ez dituelakoan gaude. Plan honek garapen eredu desarroilista bat jarraitzen du, bizitoki eraikinen eta industri guneen neurrigabeko hazkundearekin, ondasun baliotsua den lurzoruaren txikitzailea da, ez dio naturaren kontserbazioari merezi duen garrantzia ematen eta ez ditu errekurtsu naturalak babesten: ura, lurra, landaretza, fauna eta bereziki ekosistema naturalaren erlikia edo aztarna batzuk, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiei horien onurak galaraziz. Plan honek, mendeetan gizakiaren eta naturaren arteko elkarrizketaren fruitu izan diren lurraldeak irensten ditu. Definitiboki, plan hau ez dator bat nahi dugun herri ekologiko, osasuntsu eta iraunkorrarekin” adierazi dute.
•Ingurugiroa
Arno, Izarraitz eta Aizkorri-Aratzeko Europar Batasunaren intereseko lekuak (BIL) handitzeko proposamena egin dute Okil Beltzak taldeko kideek, “mendiak eta bertako basoak galtzen ari garelako”.
•Nekazaritza
Sistema jasangaitza elikatzen ari gara elgoibartar hauen iritziz. “Bertakoa, era orekatuan ekoiztutakoa kontsumitzea da osasuntsuena. Jatekoak gero eta urrutiago ekoizten dira, kondizio laboral erdi esklaboetan eta espezializazio handietan gainera”. Honek guztiak arazo ekologiko handiak dakartzala salatu dute. “Kostu marginala bakarrik ordaintzen ari gara eta ez benetan balio beharko lukeen kostu erreala, hirugarren munduak eta gure ondorengo belaunaldiek gure partez ordaindu beharko dutena”.
•Industriguneak
“Industrigune eta azpiegitura justifikaezinak” egiteko lurrik onenak galtzen ari garela salatu dute.
•Etxebizitza
Etxe gehiago egitea ez dagoela justifikatuta argitu nahi izan dute. “INEren azken 12 urtetako datuen arabera, 62 lagun gehiago bizi gara Elgoibarren eta 800 etxebizitza berri egin dira. Etorkizunerako Gipuzkoako tendentzia jeistekoa dela dio INEren ikerketa berri batek, eta hemen 1.000 etxebizitza gehiago eraiki nahi dituzte; datozen hamar urtetan 77,5 lagun gehiago bizitzeko? Etxebizitza hutsak errenta sozialak ordainduta alokatzea eskatzen dugu, behin betikoz etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, espekulatzaileei ostiko bat emanaz”. Komunikabideetan agertutako bi berriren aipamena egin dute euren argudioak laguntzeko. Hona hemen loturak: Nafarroak Gipuzkoak adina biztanle izango ditu hamar urteren buruan (berria.info); Gipuzkoak hamar urtean 20.000 biztanle galduko dituela aurreikusten da (noticiasdegipuzkoa.com).
- Elgoibarko biztanleriaren bilakaeraren datuekin kalkuluak egin eta taulak ere osatu dituzte. (ikusi hemen xls formatoan)
IRADOKIZUNAK: Okil Beltzak taldeak txosten batean bildu ditu iradokizun guztiak. Ikusi hemen: HAPO honi ez! (PDF)
∞Lotura duten albisteak:
- Hiri Antolamendurako Plan Nagusiari proposamenak egiteko azken aukera (2009-11-13)
- Ikusi hemen: Elgoibar etorkizunari begira (Noticias de Gipuzkoa egunkariak Elgoibarko HAPNri eskaini dion gehigarri berezia eta Alfredo Etxeberria alkatearekin elkarrizketa/PDF)