60ko hamarkadako andereñoak omenduko ditu Aldundiak

elgoibarren.net 2009ko abe. 16a, 15:14

 
Gaur (abenduak 16) arratsean omenduko ditu Gipuzkoako Aldundiak 60ko hamarkadako andereñoak. Gipuzkoako Urrezko Domina emango zaie, itxura guztien arabera, hunkigarria gertatuko den ekitaldian. Bertan izatekoak dira ehun andereñotik gora, tartean baita elgoibartarrik ere. Omenaldi ospakizuna zuzenean ikusteko aukera dago Internetez.



Eskerrikaskoandereño.com web guneak
zuzenean emango du ospakizuna Internetez. Arratsaldeko 19:30tik aurrera hasiko da omenaldia eta emisioa.

 Gipuzkoako Urrezko Domina Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen sari garrantzitsuena da. Urrezko Dominarekin, gizartearen interes orokorren eta Gipuzkoako balioen alde borrokatzen duten pertsonak edota elkarteak saritzen ditu Aldundiak.

 Aurtengo saria, 1960ko hamarkadan Gipuzkoako ikastolak martxan jarri zituzten andereñoei emango die Gipuzkoako Foru Aldundiak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi duenez, aitortza horren bitartez andereñoei eskertu nahi izan diegu klandestinitatean hezkuntzari, euskarari eta kulturari emandako bultzada. Olanok nabarmendu du frankismo garaian ikastolak sortzeko haiek izandako “ausardia, konpromisoa eta borondatea”.
 Besteak beste, Mikel Laboak (2008), Jose Migel Barandiaranek (1982), Euskaltzaindiak (1994) eta Pedro Migel Etxenikek (2006) jaso dute orain arte Gipuzkoako Urrezko Domina.
 
Informazio gehiago:

Lotura duten albisteak: