Elgoibarko eta Mendaroko parrokoak Munillaren izendapenaren aurka

elgoibarren.net 2009ko abe. 17a, 09:49

 
Gipuzkoako elizbarrutiko 85 parroko (%77, hain zuzen ere) Jose Ignacio Munilla gotzain izendatu izanaren aurka agertu dira hedabideetara helarazi duten ohar batean. Agiriaren sinatzaileen artean daude Elgoibarko eta Mendaroko parrokoak, Benantxio Otaegi eta Angel Bazterretxea, hurrenez hurren, biak ala biak Eibarko artzapez barrutikoak. Eta baita Tomas Madinabeitia, Elgoibarko apaiz laguntzailea ere.



  Agiriaren sinatzaileek “saminez eta kezka handiz” hartu dute Gipuzkoako gotzain berriaren izendapena. “Gure elizbarrutiko eliz jardueraren gaitzespen zehaztzat eta, orobat, norabidea aldatzeko ekimentzat hartu dugu. Deitoratu egiten dugu hain garrantzitsua den arazoa aurrera eramateko gure elizbarrutiaren eta beraren erakunde pastoralen sentimena aintzakotzat hartu ez izana eta errespetatu ez izana” diote apaizek sei puntuko agiri batean.
Ohar hori 110 erretoreetatik 85ek sinatu dute, eta hamalau artzipresteetatik 11k.
Sustatu.com atarian agiria sinatu duten apaizen zerrenda osoa argitaratu dute.