Edozein krosetako antolatzaileek nahiko lukete Abshiro, Bekele herrikidearen oinordekoa izan daitekeena, parte hartzaileen artean edukitzea; atletismoan goi mailako izarra izatera deitua baitago. Etiopiarrak, baina, Elgoibarko krosa aukeratu du, bigarren urtez jarraian, Mintxeta Atletismo Taldeko kideen zorionerako. Arrazoi bat baino gehiago daude; nagusiena, beharbada, Europan lortu duen lehen garaipen garrantzitsua Elgoibarren lortu izana iaz, 2009ko Nazioarteko Juan Mugerza krosean. Demaseko erakustaldia egin zuen Abshirok Mintxetako zirkuituan eta, hilabete batzuk geroago, Ammaren (Jordania) jokatu zen Munduko Kros Txapelketan, junior mailan, lehen postuan sartu zen helmugara.
Abshirorekin batera, junior mailako beste antxintxikari aipagarri batek ere berretsi du Elgoibarren izango dela, Moses Kibet ugandarrak hain zuzen ere. Kibet hirugarren postuan sailkatu zen, Abshiroren atzetik, Jordaniako munduko txapelketan. Hortaz, bi gazteen arteko lehia ziurtatuta dago. Kibetek Berlinen jokatu zen Munduko pista txapelketan parte hartu zuen, abuztuan, bost mila metroko lasterketan.
∞Lotura duten albisteak:
- Mahaingurua: Juan Mugerza krosaren iragana eta oraina (2009-12-14)
- Olatz Oñederrak eginiko kartelak iragarriko du Mugerza Krosa (2009-11-23)
- Europako seigarren krosik onena da Mugerza (2009-05-04)
- Mugerza krosa, Munduko Kros Txapelketako atea zabaltzeko giltza (2009-03-31)
- Abshiro etiopiarra eta Kiplagat kenyarra jaun eta jabe Mugerza krosean (2009-01-12)