Txankakuako perratokia berreskuratu du jaiotza mekanikoak

elgoibarren.net 2009ko abe. 22a, 18:38

Pilar Ikastetxeko zuzendariak, Nekane Aranburuk, zanpatu du jaiotza mekanikoa ofizialki martxan jarri duen botoia. Jaiotza jarri duten 30. aldia da aurten eta, “urtemuga berezia” izanik ohi baino berrikuntza gehiago dauzka aurten Elgojaiotzaren lanak. Berrikuntzen artean daude angula arrantzalearen irudi biziduna eta Txankakuako perratokia. San Antonak arte egongo da ikusgai Parrokiako kaperan.


Zeru izartsuagoa

1706639973771 Txankakuako perratokia berreskuratu du jaiotza mekanikoak

Jaiotza inguratzen duen zeruaren atal txiki batean 300 izar jarri zituzten, orain bi urte, Elgojaiotzako artisauek. Oraingoan beste paretean ere jarri dituzte, 750 izar gehiago, hain zuzen. Izar horiek gure unibertsoan aurkitu ditzakegun konstelazioak irudikatzen dituzte: hartza nagusia, hartz txikia eta Drako, adibidez. Dekoratuaren parte diren mendi berrietan egunsentian eguzkia nola esnatzen den eta ilunabarrean nola ezkutatzen den ere ikusi daiteke.

1706639973829 Txankakuako perratokia berreskuratu du jaiotza mekanikoak

 
Angula arrantzalea
Mugimendua duten irudi berrien artean erreka ertzean angulak arrantzatzen diharduen arrantzalea nabarmendu behar da. Ohi dutenez detaile guztiak zaindu dituzte, bere bahean angulak baidauzka eta baita iluntasunean ikusteko kriseilua ere.


1706639973864 Txankakuako perratokia berreskuratu du jaiotza mekanikoak

 
Txankakuako perratokia
Duela hamarkada batzuk Markinarako bidean zegoen Txankakuako perratokia berreskuratu du Elgojaiotzak. Ez zaio detailerik falta: perratzailearen burdinezko erremintak, eraikinaren egitura eta norberak, bertatik bertara, ezagutzea hobe den beste hainbat xehetasun.

Arropa berriak
Dekoratuaren erdiko atala ere berria da, perspektiba hobetze aldera, inklinazio pixka bat eman baitiote. Irudi asko zaharberritu dituzte eta arropa berriak dauzkate beste batzuek. Joan zen urtean dantzatzeaz aspertu zen dantzaria berriro martxan jartzea ere lortu dute, mekanismo guztia aldatu ondoren.

Elgojaiotzako kideek eskerrak emanez agurtu zuten jaiotza mekanikoaren inaugurazioa. “Parrokia eta Udala eskertu nahi ditugu, baita proiektu hau aurrera eramaten laguntzen duten pertsona eta erakunde oro ere. Eta nola ez, urtero bisitan etortzen zaizkigun herritarrak eta atzerritarrak”.

Nekane Aranburu, Pilar Ikastetxeko zuzendaria, botoia zanpatzeko prest.

Benantzio Otaegi parrokoa jaiotza bedeinkatzen.


Jaiotza ikusteko ordutegia:
  • Astelehenetik ostiralera 17:30-20:30; zapatu eta jaiegunak 10:30-13:30 eta 17:30-20:30.