Zuhaitz Gurrutxagaren bizitza ezagutzera emango du “Bi Errepidean” saioak

elgoibarren.net 2010ko urt. 8a, 09:45

 
Bi bizitza berezi izango dituzte protagonista Bi Errepidean telebista saioan, gaur (urtarrilak 8) gaueko bederatzietan, ETB-1en. Bizitza bakarra izan beharrean, zenbait bizimodu elkartu eta guztietan moldatzen dira erreportaje honetako protagonistak: Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarra eta Manex Rekarte.



 Alde batetik, Zuhaitz Gurrutxaga futbolariaren bizitza emango dute ezagutzera
Erdi eta erdi izenburupean datorren erreportajean. Realean hasi zen jokatzen 18 urterekin eta geroztik hainbat taldetan ibili da: Algeciras, Rayo Vallecano, Zamora eta Lemoan jokatuta, Real Unionera itzuli da. Futbola bere ogibidea da, baina horretatik aparte beste pasio bat badauka. Musikaria da bera. Trikitixa eta gitarra jotzen ikasi zuen aspaldian, eta erlaxatzeko eta deskonektatzeko terapia moduan erabiltzen ditu. Donostian, bere lehengo kontzertura lagunduko diote Zuhaitzi.

 Beste alde batetik, Manex Rekarteren historia ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Goizean goiz Radio Euskadi irratian aritzen da Manex. 2009. urtean hasi zen Boulevard irratsaioan lanean esatari eta erredaktore moduan, eta bere eguneroko erronka entzuleei gai berriak eta desberdinak eskaintzea da. Lan horretaz gain, beste beharrak ditu Manexek. Enpresarioa da bera. Iaz La Jugueteria denda erotikoa martxan jarri zuen Donostian eta izugarrizko arrakasta lortu du dagoeneko. Txoko honetan denetik aurki daiteke, bola txinatarrak, bibradoreak eta sensualitatea areagotzeko produktuak, besteak beste. Manex ikusleei ezagun egingo zaie, Goenkalen eta Hasiberriaken aritutakoa delako aktore lanetan. Bere lehengo eta oraingo bizimoduetaz, bietaz arituko dira berarekin.
*Iturria: eitb.com
 
Lotura duten albisteak: