San Anton Torneoko finala jokatuko du Loiolak, laugarrengoz

elgoibarren.net 2010ko urt. 11a, 09:30

San Anton Pilota Torneoko finala jokatzeko sailkatu zen Eneko Loiola, barixakuan, Ikastolako frontoian jokatutako finalaurrekoan. Laugarren finala izango da sanmigeldarrarentzat. Uriarterekin bikote eginez, 13an laga zituzten Muguruza eta Uzkudun. Bestalde, promesa mailan aritu zen beste elgoibartarrak, Kepak, ezin izan zuen finalerako txartela eskuratu, 16 eta 22 galdu baitzuen Egañarekin batera Ezkurdia eta Bolinagaren aurka.

 
 Honenbestez, iazko finaleko errebantxa hartu dio Eneko Loiolak Muguruza aurrelari bergararrari. Atxotegirekin bikote eginez 12 eta 22 galdu zuen iaz Loiolak Muguruza eta Jauregiren aurka jokatutako finala. Aurten ez da horrelakorik gertatu eta Uriarte aurrelariaren laguntzarekin 13an laga zituzten Muguruza eta Uzkudun. Hortaz, Urtarrilaren 22an, San Anton Torneoa irabazteko aukera berri bat, laugarrena, izango du Loiolak.
 Finalean egongo ez dena, promesa mailan aritu zen Kepa izango da. Ikastolako frontoi hotzean jokatu zen finalaurrekoan indartsu hasi ziren bera eta Egaña baina, Ezkurdia eta Bolinagaren aurka amore eman behar izan zuten partidak aurrera egin ahala. Promesa mailako finalean elgoibartar bat ikusteko aukerek, halere, bizirik diraute, Arribillagak bigarren finalerdian parte hartuko baitu datorren barixakuan (urtarrilak 15).