Mintxeta Atletismo Taldeko kideen telefonoak, eta buruak, kea dariela ibiliko dira une honetan. Atleta garrantzitsuen kontratazioak ia itxita zituztenean, min hartuta daudela-eta ia lasterketa bezperara arte lanean jarraitu beharko dutela iragarri dute, ahalik eta antxintxikari onenak Elgoibarrera ekartzeko lanean jo ta sua. Leonard Komonen kontratazioa behintzat itxi dute. Ez da edonor Komon. 2008an Mugerza krosa irabazi zuen eta Munduko Kros Txapelketan txapeldunorde izan zen urte berean. Iaz hirugarren postuan sailkatu zen Elgoibarren eta laugarren postuan Jordanian jokatu zen Munduko Kros Txapelketan.
Mike Kipyego keniarra ere Elgoibarren izango da. Mintxetako zirkuitua ondo ezagutzen du honek ere, 2008koan laugarren postuan sailkatu baitzen. Mamo Wolde saria birritan irabazi duen Mohamed Elbendir, Javier Guerra eta Juan Carlos Higuero espainiarrek ere baieztatu dute etorriko direla.
•Iñaki Sagarna Euskadiko Txapeldun
Urruneko atletak bakarrik ez, bertakoak ere izango dira Mugerza krosean. Mintxeta Atletismo Taldeko Iñaki Sagarna atleta gaztea, gainera, sasoi puntu oso onean ailegatuko da Mugerza krosera. Bere mailan, 1.000 metrotako lasterketan, Euskadiko txapeldun izatea lortu berri du Basaurin, 2:47:00 denborarekin. Abenduaren 29an, berriz, Espainiako Txapelketara joan ahal izateko gutxieneko marka (2:45:40) lortu zuen 1.000 metrotako lasterketan, baita ere. Aurrekoez gain, Gipuzkoako txapeldun izatea lortu du 600 m. (1:35:10) eta 300 (42:02) metrotako lasterketetan ere.
•Mugerza krosa Carrusel Deportivon
Antolatzaileek webgunean jakinarazi dutenez, Nazioarteko Juan Mugerza Krosak, aurreko urteetan bezala, erdiko gehigarria argitaratuko du El Diario Vasco egunkarian. Gehigarria urtarrilaren 21eko (osteguna) egunkariarekin kaleratuko da, eta 12 orrialde izango ditu koloretan. Bertan, krosari buruz hitz egingo da, elkarrizketa eta erreportajeen bidez.
Bestalde, aurten, hainbat berrikuntza dituzte, kirol arloko prentsari dagokionean. Cadena Ser irrati kateko protagonista izango da krosa urtarrilaren 24ko domekan egingo den Carrusel Deportivo programaren baitan. Behin krosa bukatu ostean, 16:00etatik aurrera, Alberto Callejak probari buruzko kronika egingo du. Programa honek 2.500.000 entzule inguru ditu estatu osoan. Diario As egunkariak ere krosari buruzko albistea emango du, proba baino lehen. Horretaz gain, krosari buruzko kronikak argitaratuko dituzte bai domekan, bai astelehenean, proba bukatu ondoren. “Hori guztiori lortu ahal izan da gure krosa Anoc Fundazioaren partaide delako, eta Diario As Fundazioaren egunkari ofiziala delako” adierazi dute antolatzaileek.