•Futbolari moduan aspalditik ezagutzen zaitugu, baina musikarako zaletasun hori noiztik datorkizu?
Realean nenbilela hasi nintzen gitarra jotzen ikasten Donostian, denbora libre dezente neukalako. Su ta Garren abesti batzuekin hasi nintzen, eta jabetu nintzen akorde batzuekin kapaz nintzela abesti batzuk egiteko, oso modu xumean bazen ere. Hala hasi nintzen konposatzen.
•ETBko saio batean aitortu zenuen neskatan errazago egiteko kolpe egin zeniola gitarrari. Su ta Garren abestienak jotzen barik beste kantu lasaigo batzuk jotzen imaginatu zintugun.
Jajaja. Erdi brometan esan nuen hori, baina egia da gitarra beti dela baliabide on bat etxera kafea hartzera datorrena erakartzeko. Brometan bota nuen nik, baina gitarra jotzen duten askok sarri erabiliko zuten halako trukoren bat.
•Ez al da nahikoa futbolari izatea?
Futbolariok ez dugu inoiz izan pertsona argiaren famarik, eta erakutsi egin behar beste gauza batzuk egiten ere badakigula.
•Zure ibilbidea jarraitu duenak badaki mila saltsatan aritua zarela, eta zeuk esana da, era berean, ate asko jo dituzula. Zein izan daiteke hurrena?
Bai, egia esan, ate dezente jo ditut, eta mila gauza hasi ditut, baina laga ere erraz lagatzen ditut. Ez naiz oso estresatuta bizi, eta ez naiz pertsona aktiboa esaten dena ere. Ez dakit aldi berean bi gauza egiten. Iaz bertso eskola batean jardun nuen, aurretik antzerki eskola batean ere saiatu nintzen, trikitia ere probatu dut...eta orain, berriz, monologo bat prestatu nahian ari naiz. Inongo presarik gabe, lasai-lasai, baina gustatuko litzaidake tabernaren baten aurkeztea noizbait. Futbolari gisa aurkeztu eta futbolaren inguruko kontuekin eta futbola ez direnekin umorea sortu nahi nuke, barre eginarazi jendeari.
•Umorea aipatu duzula...aldageletan ere zeu ei zara gatz pixkat jartzen duena.
Talde barruan, lotsa askorik ez daukat, egia esan. Amak beti esaten dit lotsarik behar ez denetan lotsatzen naizela ni, eta bestelakotan ez, baina halakoxea naiz. Sekreturik ere ez daukat, eta gustatzen zait nire hanka-sartzeetaz natural jardutea. Saiatzen naiz nire buruaz barre eginaz besteei barre eginarazten.
•Ezagutzen zaituztenen arabera, saiatzen zaren gauza guztietan airoso irteten zara.
Bai? Nik uste ondo ezagutzen nauenak badakiela ezertan ez naizela ona. Gainditu, gaindituko dut, beharbada, baina ona izatera ez naiz iritsi ezertan. Inork ez nau ikusten bertsolari on bat moduan, ezta musiko edo antzezle on bat moduan. Monologoen kasuan, batzuek esan didate, bai, beharbada horretan egin dezakedala zerbait ganorazkoa, baina oraindik hasi ere ez naiz egin...
•Antzerkian emandako pausoak lagungarri izango zaizkizu. Nola sartu zinen mundu horretan?
Madrilen hasi nintzen, Rayo Vallecanon jokatzen ibili nintzanean. Interpretazio eskola batean eman nuen izena han, eta gustatu zitzaidan esperientzia. Gauza dezente ikasi nituen, eta gero Donostiara itzuli nintzenean, antzerki eskola batean hasi nintzen. Urte osoa obra bat prestatzen eman genuen, eta nik uste itxuran egin genuela.
•Barixakuan telebistaz ikusi genuen Zuhaitz Gurrutxaga musikariaren debuta. Zelako sentsazioekin jaitsi zinen oholtzatik?
Gitarrarekin eta bakarlari moduan jende-aurrean agertzen nintzen lehenengo aldia zen, eta gustatu zitzaidan. Aurretik, soinua jotzen jardun nuen 25.000 lagunen aurrean, Xabi Alonsorekin batera, Reala bigarren gelditu zenean egin zen ekitaldi batean. Beste esperientzia xelebre bat ere izan nuen, Rio de Janeiron, uda batean. Riora joaten nintzen bigarren urtea zen, eta bidai hartarako ikasiak nituen portugesez abesti batzuk. Kontzertu batean jendeartean abesten ari nintzela, musikariek ikusi eta oholtzara igotzeko eskatu zidaten, eta lau bat abesti kantatu nituen samba talde batekin. Hemengo lagun batzuek ikusi zuten, eta xelebrea izan zen. Ahal nuen moduan jardun nuen. Donostiako Leize-Gorria tabernako saio horretarako, baina, apur bat nerbiosoago nengoen. Ez nago ohituta mikrofono aurrean jarri eta nire ahotsa horren altu entzutera, eta hasieran kostatu zitzaidan, baina aurrera egin ahala, lasaitu nintzen, eta ondo.
•Kantuan Mikel Urdangarien traza hartu dizu batek baino gehiagok. Gustatzen al zaizu konparazioa?
Bai, bai. Oso gustukoa dut Mikelen musika, eta Madrilen bera ezagutzeko zortea ere izan nuen. Ordutik mantentzen dut berarekin harreman bat. Inoiz elkarrekin jotzeko aukera ere izan dugu lagun artean, eta egia da, beharbada, halako deje moduko bat hartu dudala nahi gabe harengandik. Saiatu beharko nintzen hori kentzen, akaso, baina bueno, edozelan ere ez zait iruditzen ispilu txar bat eredutzat hartzeko.
•Musikatik bizitzeko asmorik ez daukazula entzun genizun. Lagun arteko kontu bat zela gehiago. Noizko Elgoibarren kontzertu bat?
Jajaja. Egia esan badira pare bat urte horri bueltaka hasi ginela Gille Iratxoko jabearekin, erdi brometan edo. Berak erraztasun guztiak jarriko zizkidala agindu zidan, baina Elgoibarren jo ahal izateko, ganora gehiagorekin hartu beharko nuke hau, eta berriro jarri beharko nintzateke abestiak prestatzen, herrian bertan ridikulorik ez egiteko. Garbi daukat, hala ere, noizbait jotzen badut, Iratxon izango dela.
•Zeri kantatzen diozu?
Aurreko batean Joaquin Sabinari entzun nion horren erantzuna. Ez da gauza berria, baina berak esaten zuen gauza onen eta bizitza alai baten inguruan abesti gutxi egiten direla. Sabinak zioen minetik eta tristuratik irteten direla abesti onenak, eta nik uste nire kasuan ere hala gertatzen dela. Zorionez ez ditut momentu txar asko izan, baina beti izan ditut bajoi uneak, eta halakotan errazago inspiratu izan naiz. Entzule moduan ere, abesti horiek gehiago gustatzen zaizkit. Nik uste gustatzen zaigula entzutea besteek ere gure antzeko bajoiak izaten dituztela. Mal de muchos consuelo de tontos esaten da, ezta? Ba, hori.
•Letrak orduan zeure bizipenetan oinarritutakoak dira, ezta?
Bai. Elgoibarren, gaztea nintzenean, edo bueno, 16 bat urte nituenean egiten nituen juergen inguruan idatzi nuen lehenengoa, eta gero hasi nintzen abesti sakonagoak-edo egiten.
•Etxean zelan hartu dute zure afizio berri hori?
Etxean, ondo. Amak, oso ondo. Aita San Migelekoa da, langile generaziokoa, eta gustuko duela jakin arren ez dit horren azkar aitortzen. Nik egiten ditudan gauza asko txorakeriak iruditzen zaizkiola jakin badakit, baina normala da.
•San Migelgo modernoa irten zaio semea eta...
Bai-edo. Enteratuta nago gustatu zaiola, baina ez da ausartzen neri onartzera-.
•Bestela ere bagenekien, baina zure myspaceko ataria ikusita, begibistakoa da itxurari garrantzia handia ematen diozula. 90. minutu futbolean ibilita, gandor hori tente mantentzeko zer egiten duzun ere galdetzen du jendeak...
Jajaja. Bueno, fisikoari berari ez diot aparteko garrantziarik ematen, zortez sekula ez dudalako arazorik izan. Baina estetikari, bai, estetika zaintzea gustatzen zait. Oharkabean pasatzeko ere izan daiteke, ez dakit. Kresta, berriz, badakit modaz kanpo ere egon daitekeela, baina gustatzen zait; gustatzen zait aldatzea. Halako gauzak iruditzen zaizkio gure aitari txorakeriak, eta esan izan dit badela sasoia horiek lagatzeko ere, baina ez diot kasorik egiten. Euskal Herrian estrabagantzia gutxirako aukera ematen zaio jendeari, baina niri txapela janzteak edo kresta eramateak edo halako gauzek seguridade puntu bat ematen didate. Elgoibarren, edo etxekoen inguruan, gutxiago ausartzen naiz, beharbada, baina gustatzen zait.
•San Migeletik, Donostiara. Baserri girotik hiriburura.
Bai. 17 bat urterekin joan nintzen Donostiara, etxetik kanpo bizitzera. Buelta asko ematen ditut San Migelera. Nire sorlekua da, eta gustura bueltatzen naiz. Egia da, era berean, hiriburuak ematen dituen aukera guztiak eskura izanda, orain zaila egongo litzaidakeela San Migelgo egunerokora bueltatzea, baina han topatzen ditudan lasaitasuna eta familia giroa izugarri estimatzen ditut.
GALDERA MOTZAK
•Liburu bat?
Oscar Wilden El retrato de Dorian Gray
•Kantu bat edo abeslari bat?
Su ta Garren Ekaitza eta barealdia
•Bizitzeko leku bat?
Madril. Nire ezinegon kulturalak
•Instrumentu bat?
Gitarra
•Futbolari bat?
John Terry, Chelseakoa
•Reala?
Lehen mailan jokatzeko eta umetako ametsa betetzeko aukera eman didan taldea
•Algeciras?
Lehenengo aldiz etxetik irteteko aukera eta Euskal Herritik kanpora mundua dagoela ikusteko aukera.
•Rayo Vallecano?
Madril ezagutzeko aukera, eta horrekin batera, ezinegon artistikoak deskubritzeko aukera. Madrilek itsasorik ez beste guztia dauka.
•Lemoa?
Berriro futbolarekiko pasioa berreskuratzeko balio izan zidan.
•Zamora?
Jendearengandik babes handia jaso nuen, eta neskalaguna ere hangoa daukat.
•Real Union?
Elitera bueltatzeko aukera eta oraindik goi mailan jokatzeko moduan nagoela erakusteko aukera nire buruari.
•Realera bueltatzea gustatuko litzaizuke?
Jakina baietz. Nik uste gainera Realean jokatu nuenean baino gehiago eskaini dezakedala orain, eta Lehen Mailan jokatzeak ilusiua egingo lidake, baina zaila dago oso. Ezinezkoa, baina amets bat betetzea izango litzateke.
•"Bi Errepidean" saioan
Zuhaitz Gurrutxaga ETB-1eko “Bi Errepidean” saioan agertu da. Ikusi honako bideoan