Etorkinei harrera egiteko Ongi Etorri Gida kaleratu du Udalak

elgoibarren.net 2010ko urt. 14a, 15:57

 
Elgoibarrera bizitzera datozen guztiei zuzenduta dago gida, horiei harrera egiteko eta Elgoibarren berri emateko. Gida honen bitartez gure herrian aurki daitezkeen zerbitzu publiko zein pribatuak ezagutzera eman nahi ditu Udalak. Euskaraz gain, beste lau hizkuntzatan egin dituzte gidak: gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz. Eta, gidaz gainera, aurrez aipaturiko bost hizkuntzak batzen dituen Elgoibarko mapa bat ere banatuko du Udalak.


  Elgoibarren erroldatzen direnei banatuko dizkiete Ongi Etorri Gidak, behar duenari helaraztea baita Udalaren asmoa. Herritarren Arreta Zerbitzuan, Gizarte zerbitzuetan edo Kultura Sailean ere eskuratu ahal izango dira. Bost hizkuntzatan dagoen Elgoibarko mapa, aldiz, gehiago zabaltzeko asmoa dutela jakinarazi dute arduradunek eta, 5.000 ale egin dituzte. Gida zein mapa egiteko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du Udalak, kostuaren %25 jarri du Jaurlaritzak.

  Alfredo Etxeberria alkateak azaldu duenez, Legealdi Planean jasota dauden 167 ekintza zehatzetako bat da etorkinei Udal Zerbitzuen berri ematea eta, “horixe da gida honen xedea: Elgoibarrera bizi izatera datozenek bertakotze egoki baterako eman beharreko pausoak zein diren azaltzea, alegia”. Halere, etorkin zein bertakoentzat baliagarria izan daitekeen gida osatu dutela uste du Etxeberriak. “Oso konpletoa da, azalpen asko batzen baitira bertan. Nagusiek egin izan dizkiguten eskari askori ere erantzuten dio gidak”.
  •   Honako gai hauen inguruko azalpenak batzen ditu gidak: errolda, etxebizitza, Gizarte Zerbitzuak, osasuna; arlo juridikoa eta erregularizazio administratiboa, enplegua eta formazioa, hezkuntza, berdintasun zerbitzua, Udal Gazteria Saila, kultura eta turismoa, euskara, merkataritza, kirolak, Tokiko Agenda 21, Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoa, zerga, tasa eta prezio publikoak, partaidetza soziopolitikoa, herritarren segurtasuna eta hirigintza. 
Etorkin kopurua gora
  2009ko urte bukaeran 710 etorkin (%6,24) zeuden erroldatuta herrian, biztanleriaren %6,24a. Urte hasieran, urtarrilaren 1ean, berriz, 649 lagun zeuden erroldatuta. Datu hauei erreferentzia eginez, Elgoibarko etorkin kopurua hazten ari dela begi-bistakoa dela aitortu du Etxeberriak. “Elgoibarrek betidanik izan duen industri izaeraren ondorioz, pertsona etorkinen jomuga izan da. Lana non, etorkinak hara. Hortaz zifra horiek normalak dira” azaldu du alkateak.

  Amagoia Ruiz de Gauna, gizarte-ongizateko arduradunak, Udaleko departamendu ezberdinen artean, elkarlanean, eginiko lanaren fruitua izan dela gida gaineratu du, “lan neketsua izan da baina hala behar zuen ahalik eta gida osoena osatzeko”. Datorren astean hasiko dira gidak zein mapak banatzen.