Beherapenetara
edo egun pasa joateko ohitura dute elgoibartar askok egun seinalatu
honetan eta, eguraldi eguzkitsua eta epela atera zuela aprobetxatuz, asko izango ziren, ziurrenik, hiribuetarantz jo zutenak. Asteburuan, hala ere, egon da jai giro eta ekintzarik herrian: Udal
Musika Bandari eskainitako zigilu erakusketak, Banda beraren
emanaldiak, Big Bandaren estreinaldia, San Anton pilota torneoa…
•Arribillaga finalera
Barixakuan San Anton Torneoko bigarren finalerdiak jokatu ziren Ikastolako frontoian. Bertan, Haritz Arribillaga elgoibartarrak finalerako sailkatzea lortu zuen promesa mailako finalaurrekoan. Errekarekin bikote eginez bostean laga zituzten Otamendi eta Gil. Nagusien mailako partidan ere alde nabarmena erakutsi zuen azken markagailuak, 22 eta 11 Atxotegi eta Jauregi plaentxiarren alde. Andreuk eta Gorrotxategik amore eman behar izan zuten plaentxiarren indar erakustaldiaren aurrean. Eneko Loiola elgoibartarraren eta Uriarteren aurka jokatuko dute, hortaz, final handia Atxotegi eta Jauregik datorren barixakuan, urtarrilaren 22an, Ikastolako frontoian.
•Udal Musika Bandaren omenezko zigilu erakusketa
Udal Musika Bandak 125 urte betetzen dituela-eta, Altzolatarren Dorretxea elkarteak XXX. filatelia-erakusketako protagonista bihurtu zuen Banda, eta berau omendu zuten zapatuan, inaugurazio ekitaldian. Erakusketa bera, urtarrilaren 24ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean.
San Anton jaietako argazkiak:
*Argazkiak: elgoiBARREN.net, Jairo Berbel.