Olioa eta materia organikoa birziklatzeko edukiontziak jarriko dituzte

elgoibarren.net 2010ko urt. 20a, 14:02

 
Debabarrenako mankomunitateak etxean erabiltzen dugun olioa birziklatzeko hamar edukiontzi jarriko ditu Elgoibarren. Udal arduradunen asmoa, kontainer berriak otsailean erabiltzeko moduan izatea da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, Debabarrenako herri guztietan beste edukiontzi bat jartzeko asmoaren berri eman du. Bosgarren kontenedorea deiturikoak materia organikoa biltzeko balio du.


Etxeko olioa jasotzeko edukiontziak

Furgoneta batek jasotzen zuen orain arte erabilitako etxeko olioa.

Orain arte, egun jakin batzuetan etortzen zen furgoneta batek jasotzen zuen etxean erabilitako olioa. Aurrerantzean, otsailetik aurrera ziurrenik, olioa birziklatzeko hamar edukiontzi finko jarriko ditu Debabarrenako mankomunitateak Elgoibarren. Dena dela, oraindik zehazteke dago herriko zein tokitan jarriko dituzten. Etxeetan erabilitako olioa plastikozko pote edota botiletan sartuta utzi beharko da edukiontzietan, tapoia ondo itxita. Ondoren, plastikozko ontzi guztiak birziklatu egingo dira eta olioa biodiesela egiteko erabiliko da. Edukiontziak jarri aurretik etxeetan banatuko dituzten eskuorrietan azalduko dute, zehatz mehatz, nola erabili behar diren.

Bosgarren kontenedorea

Bosgarren edukiontzia, marroi kolorekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 450.000 euroko diru saila onartu du lurraldeko hainbat herritan beste edukiontzi bat, bosgarrena, jartzeko. Hain zuzen ere, Debabarrenako eta Urola Kostako herri guztietan, Tolosako auzo batean, Tolosaldeko bi herritan, Hondarribian eta Irunen jarri nahi du Aldundiak bosgarren edukiontzia. “Aretxabaletan, Azkoitian eta Azpeitian mantendu egingo dugu, eta Amaran zabaldu”, azaldu du Gipuzkoako Garapen Iraunkorrerako diputatu Carlos Ormazabalek. Debabarrenako edukiontziak urrirako martxan egongo direla aurreikusten du Foru Aldundiak eta biztanleriaren %35ak erabili ditzala da euren asmoa.