Udaberri Torneoari dagokion kadete mailako pilotarien arteko lehiarekin emango zaio hasiera gaur gaueko pilota jaialdiari. Ondoren, gaueko 22:00etan, San Anton Torneoari dagokion lehen finala, promesa mailakoa, hasiko da. Bertan, Arribillagak eta Errekak osatutako bikoteak Ezkurdiaren eta Bolinagaren aurka jokatuko dute. Arribillaga aurrelari elgoibartarrak txapela janzteko aukera izango du bere estreinako finalean.
Gaueko partida nagusian, berriz, lehia estu eta berezia espero da. Loiolak eta Uriartek Jauregiren eta Atxotegiren aurka neurtuko dituzte indarrak. Berezia izango da, aurkariek oso ondo elkar ezagutzen dutelako. Izan ere, makina bat urtean elkarrekin jokatu duten Loiolak eta Atxotegik elkarren aurka jokatu beharko dute gaur. Urrutira joan gabe txapeldunorde izan ziren iaz. Atxotegi plaentxiarrak, gainera, Jauregi herrikidea izango du lagun atzeko koadroetan. Hain zuzen iazko finala, Muguruzarekin bikote eginez, irabazi zuen pilotaria.