Hirugarren urtez jarraian antolatu du EMF Euskal Mendi Federazioren mendi eskiko sailak Altitoy Irekia, Luz Saint Sauveurreko Altitoy taldearekin elkarlanean. Asteburu honetan jokatuko da Luz Saint Sauveur (Frantzia) inguruetan. Herri honek eski alpinismoari egin dion harrera ezin hobea dela-eta, bertan finkatu da Piriniotako probarik garrantzitsuena. Oraindik ibilbide laburreko proba izanagatik lortu duen entzutea eta arrakasta uka ezinak dira. Horren adibide da izen emateak 600 lagunetara mugatu behar izan dituztela eta bizkor ailegatu ziren kopuru horietara.
Eliteko eskiatzaileen lehiaketa eta herri zeharkaldia uztartzen ditu Altitoyk. Hala, bikotekako Euskadiko txapelketarako ere puntuagarria izango da aurten ere. Beste txapelketa batzuen artean (Petit pirineus, espainiako txapelketa, e.a) ere puntuagarria baita.
Aurtengoan bi egunetan A ibilbide edo ibilbide konpetitiboan desnibel positiboa 2000mtik gorakoa izatea espero da eguneko. Horrela bada, maila honetan parte hartuko duten bikoteek poztasunak eta penak batera igaroko dituzte, izan ere Piriniotako lasterketa luzeenak nekez pasatzen dira 1800mtatik eta, gainera, egun bakarreko lehiak izaten dira. Altitoy, aldiz, bi egunetako lasterketa izango da eta sasoian egonagatik ere erritmoarekin asmatu e4zean luze egingo zaie askori.
B ibilbidea berriz, ibilbide herrikoia izango da. Hau da jende gehien erakartzen duen ibilbidea eta Altitoyren antolakuntzatik bultzatu nahi dena. 1000 metrotako desnibel positiboari aurre egin beharko diote partehartzaileek. Segurtasuna bermatuz mendiaz disfrutatzen ikastea da B ibilbidearen helburu nagusienetakoa. Ibilbide hau bakarkakoa izan arren, jendeak taldeka egiteko ohitura dauka eta antolakuntzak horretarako lasterkari ohiak jartzen ditu giroa jarri eta momentu bakoitzean behar diren teknikak erakusteko.
∞Lotura duten albisteak:
- Hamabost elgoibartar mendi eskiko Altitoy proban (2009-02-06)