•Bigarren diskoa kaleratu berri duzue. Zer aurkitu daiteke bertan?
Aurreko diskoarekin konparatuta, beste zentzu batean hartu dugu musika, eta geuk egin ditugu musika grabaketa guztiak. Abesti bakoitzak bere izaera eta nortasuna ditu, eta hori bilatu nahi izan dugu musikarekin. Geurea izatea nahi genuen; geure nortasuna islatzea, eta lortu dugula uste dugu. Hamabi abesti daude, eta lehenengoa sarrera bat da, musika kutxa bat, alegia. Kanta denak euskaraz diren arren, abesti baten zatitxo bat katalanez dago.
•Taldeari buruzko informazioa katalanez ere idatzita dago zuen web gunean. Zergatik?
Aurreko diskoarekin Bartzelonako areto batean jotzeko aukera izan genuen, eta hango pare bat talde ezagutu genituen. Euskadi-Katalunia arteko feeling ona sortu zen gure artean, eta abesti bat katalanez eta euskaraz egiteko ideia sortu zen. Emaitza oso ona izan zuen, eta Laiaren disko berrian sartzea erabaki genuen. Lehen, nik euskaraz abestu nuen, eta beste taldeko abeslariak katalanez. Orain alderantziz egin dugu, eta neu izan naiz katalanez abestu duena. Laguntza handia izan dut, eta beraientzako opari txiki bat izan da. Oso gustura geratu gara emaitzarekin.
•Laia II izena jarri diozue lanari. Nola aukeratzen da disko baten izenburua?
Guri titulu luzeak gustatzen zaizkigu, baina ez da erraza abesti multzo bati izenburua jartzea. Bigarren disko honetan hainbat musika estilo landu ditugu, eta hirugarrena nolakoa izango den ez daukagu batere argi. Ez dakigu zein estilo landuko dugun, baina argi daukagu bigarren diskoko bira amaitu arte ez garela hurrengo lanarekin hasiko. Orduan, iparrorratz bat jarri dugu azalean, eta diskoa zabaltzerakoan “Norabiderik zehaztu gabe, gure bidea eraikitzen jarraituko dugu”, irakurri daiteke. Diskoaren azalean jartzeko oso luzea zenez, Laia II jarri genuen kanpoan, eta disko honi eman nahi diogun zentzua barruan idatzi genuen.
•Gaur egun disko gutxi saltzen dira. Zein aukera dago aurrera egiteko?
Berri Txarrak taldekoek esaten duten moduan, musikaren egoera Euskal Herrian dekadentziaren onenean dago. Jendeak Internetetik jaisten du musika, eta diskorik ez da saltzen. Gainera, jendea betiko musika taldeak entzutera ohitu da, eta ez da ausartzen beste ezer entzutera. Ikustea besterik ez dago talde ezagunak banatzen direnean, ez dutela izaten aurrekoak besteko indarrik. Adibidez, Etsaiak taldea banatu zenean, beste proiektuek ez zuten arrakasta bera eduki; Latzen taldea, berriz, Sen bihurtu zen, eta orain Une, baina jendea Latzenekin geratu da. Gauza berriak probatzea asko kostatzen zaio jendeari, eta irrati-kateek ere ez dute batere laguntzen. Irratian ez da euskal musikarik entzuten. Euskadi Gaztea jarri, eta beste edozein irratitan entzuten den musika komertzial berbera dago. Berri Txarrak eta beste euskal talderen bat jarriko dute, baina oso gutxi. Orduan jendea musika hori entzutera ohitzen da.
•Kontzertuak ematea izan daiteke aukera?
Hori ere gero eta zailagoa da. Euskal Herrian lehen gaztetxe pila bat zeuden, eta, hein batean, kultura sustatzeko sortu ziren. Ez musika bakarrik, antzerkiak edo bestelako kultura-ekintzak egiteko. Baina azkenaldian gaztetxeak gazte-lokal bihurtu dira, eta gauza gutxi antolatzen dituzte. Badaude ekintzak antolatzen dituzten gaztetxe batzuk, baina oso gutxi dira.
•Orduan, zein irtenbide dauka musikak?
Musikak Euskal Herrian ez dauka irtenbiderik. Ken Zazpi, Berri Txarrak edo Su Ta Gar taldea bazara, izango duzu aukera, baina bestela, jai dago. Kontzertuetara ez da jenderik joaten. Gu ikustera lagunak ere ez dira etortzen. Horrek, alde batetik, poztu egiten gaitu, jende ezezaguna gu ikustera etortzea pozgarria ere bada, eta Laia norabait iritsi dela sentiarazten digu. Baina pena da Euskal Herrian oso talde on pila bat egon arren, eta ez direla inora iritsiko. Agian hori da arazoa, asko direla. Pentsa, Elgoibarren izan dugu sekulako taldea: Arima Beltza. Azken urteotako talderik berritzaileena izan da musika aldetik, eta gainera oso onak izan dira. Pena izan da aurrera ez jarraitzea. Nik ikusi izan ditut kontzertu oso onak tabernetan, baina jende askok nahiago du alboko tabernan reaggeton musika entzutea. Gu kontzertuak ematen ari gara, eta bigarren diskoa grabatu dugu, baina pila bat mugitu garelako.
•Musika, hortaz, zaletasuna da zuentzat?
Bai. Guk jotzeko beharra daukagu, eta ahal dugun bitartean horrela jarraituko dugu. Diru apur bat lortzen badugu, askoz hobeto, baina ez badugu lortzen, ez da ezer pasatuko. Taldekide batzuk lanean ari gara, eta beste batzuk ikasleak dira. Laia gure bizitzaren parte bat da, parte garrantzitsua, baina musika zaletasun bat da.
•Letrak zeuk idazten dituzu. Zeri abesten dio Laiak?
Gustatzen zaizkion gauzei, eta batez ere, maitasun ezari. Nazkatuta gaudela esateko erabiltzen ditugu abestiak, eta sistemaren kontra asko ibiltzen gara. Gure sistema ez dago ondo, eta ez du ezertan laguntzen. Elgoibarren, esate baterako, non daude musikarientzako laguntzak? Musika Eskola garrantzitsua daukagu, eta musikari bikainak irten dira bertatik, baina musikan aurrera jarraitzeko laguntzarik ez dago.
•Nola moldatzen zarete entseguak egiteko?
Mutrikun daukagu lokala, Kalbario gainean. Mutrikuko Udalak lagundu zigun, eta hango edozein talde hartzen duten bezala hartu gintuzten. Egia esanda, oso gutxi entsaiatzen dugu. Taldekide bakoitza leku batekoa da, eta ez da erraza elkartzea. Bakoitzak bere aldetik egiten ditu etxeko lanak. Nik ahotsa lantzen dut, eta gitarrako nire zatiak praktikatzen ditut. Bakoitzak bere zereginak dauzka.
•Estilo aldetik Berri Txarrak taldearekin konparatu izan zaituztete. Zer diozu?
Aurreko diskoa atera genuenean Berri Txarak eta beste talde handi pila batekin konparatu gintuzten. Batzuk txarrera hartzen dituzte horrelakoak, baina nik neuk, horrelako kritikak nahi ditut.
Etorkizunari begira, zein dira Laiaren helburuak?
Kontzertuak ematen jarraitzea da 2010erako daukagun helburu nagusia. Ahalik eta leku gehienetara iristea.
•Metallica bezalako taldeekin agertu zineten 2007ko BBK Live Festival kontzertuan. Zein motatako kontzertuak dituzu gustuko?
Jende askoren aurrean jotzen bezain gustura sentitzen gara areto txikietan. Bilbon oso ondo pasatu genuen. 10.000 pertsonen aurrean jo genuen, eta sekulakoa izan zen. Baina Amorotoko Gaztetxean ere berdin gozatzen dugu. Aurreko diskoarekin Katalunian eta Zaragozan ibili ginen, eta bigarren lanarekin Madrilera, Errioxara, Kantabriara eta Asturias aldera joango gara.
•Nongo publikoa da onena?
Orain arte, Gernikan aurkitu izan dugu publikorik onena. Iparragirre izeneko areto txiki bat dago han, eta sekulako harrera izan dugu. Kataluniara joan ginenean, inork ez gintuen ezagutzen, baina oso ondo hartu gintuzten eta disko pila bat saldu genituen.
•Noizko kontzertu bat Elgoibarren?
Zein aukera dago Elgoibarren jotzeko? Udalekoek deitu zidaten behin, ni elgoibartarra nintzela-eta, doan jotzeko eskatzeko. Baina gero 10.000 euro gastatu behar zituzten kanpoko talde bat ekartzeko. Nire taldekideak ez zirela herrikoak azaldu nien, eta bidaiak soilik, hainbat gastu dituela, baina alferrik. Taldekideekin hitz egin nuen, eta ezezkoa eman genien. Aukerarik balego, gustatuko litzaidake Elgoibarren jotzea. Lehen Nok taldean nenbilen, eta Gazte Asanbladak antolatuta, Madalan jo genuen. Horrelako zerbait falta da hemen. Gazte Asanbladak eta Udalak bat egin behar dute jaietako kontzertuak antolatzerakoan. Badakit harremana ez dela ona, baina jaietarako ahalegin hori eskatuko nieke. Udalak askotan errazena egiten du: Indarrean dagoen talde handi bat ekarri, eta kitto. Ekon eta Jousilouli ekarri zituztenean, esate baterako, Plaza Handian oso jende gutxi egon zen. Elgoibarko herriak ez zuen hori nahi, eta seguru nago Gazte Asanbladak beste ideiaren bat izango lukeela. Kulturaren alde lan egiteko ideologiak alde batera laga eta indarrak batu beharko lituzkete.
*Testua: Ainhoa Andonegi

- Entzun Laia taldea Myspacen