Sozialisten egoitzaren aurkako erasoaren ustezko egileak atxilotu dituzte

elgoibarren.net 2010ko ots. 1a, 14:02

 
Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez, joan den astean atxilotu dituzten “Legal” taldeko ustezko kideak dira PSEE-EEren Elgoibarko Herriko Etxean bonba bat jarri eta sozialisten egoitza txikitu zutenak, 2008ko apirilaren 20an.



 ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatuta bidali ditu espetxera Eloy Velasco epaileak, joan den martitzenean, Ertzaintzak atxilotutako bost lagunak: Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Jabier Zubizarreta, Xeber Uribe eta Jon Iñaki Esnaola.
  Elgoibarko sozialisten egoitzari eraso egiteaz gain, 2008an Ondarroako polizia etxearen aurkako “atentatuan parte hartu edo atentatua prestatzen laguntzea” ere egotzi diete. Eta baita Azpeitiko telebista uhin hedagailu bati eta AHTko lanei eraso egitea ere.
Erakunde armatuaren talde "legal" baten ustezko kideak lirateke Ondarroa, Mutriku eta Deban egindako polizia operazioan atxilotutako kideak, Ertzaintzako iturriek zabaldu dutenez. Atxilotutako taldeak lehergaiak (ustez lapa-bonbak) egiteko material ugari, su-arma bi eta munizio asko zituen ezkutatuta. Gainera, taldea osatzen zuten kideei drogak eta drogarekin trafikatzeko erabili ohi diren tresnak atzeman dizkiete.