Munduko orkestra onenetarikoaren metal taldeak kontzertua eskainiko du otsailaren 11n

elgoibarren.net 2010ko ots. 3a, 10:36

 
Amsterdamgo Royal Concertgebouw Orchestrako brass edo metalen taldeak Elgoibarren eskainiko du talde gisa Espainian emango duen estreinako kontzertua, orkestrak Espainian egingo dituzten kontzertu-bira aprobetxatuz eta, Estatu Batuetan eskainiko duen biraren aurretik. Otsailaren 11n, eguena, izango da San Bartolome parrokian. Udal Musika Bandaren 125. urteurrenerako antolatu dituzten ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da.



 Amsterdameko (Holanda) Royal Concertgebouw Orchestrak 2003an ez zuen Estatu Batuetan barrena egiten zuen urteroko ibilaldia egin. Horregatik, “Royal Concertgebouw Orchestra-ren Lagunak” izeneko elkarte amerikarrak orkestraren metalen atala Estatu Batuetara gonbidatzea erabaki zuen, bai kontzertuak, bai master-klaseak emateko. Ez zen metalen atalak Estatu Batuetan jarduten zuen estreinako aldia; baina atal guztia batera inoiz ez zen bertan izan. New Yorketik Philadelphiaraino emandako kontzertuetan lortutako arrakastaren ondorioz, RCO Brass musika talde ezagunenetarikoa bihurtu da mundu mailan. Amsterdameko Canal Festival-en (2004) eta Eindhoven-go Phillips Hall-en arrakasta ikaragarria izan zuen RCO Brass-ek. 2005eko maiatzaren beste bira bat egin zuten Estatu Batuetan zehar; bertan, aipatzekoa izan zen Chicago Symphony Orchestra-ren metalen atalarekin egindako elkarlana.
  Hortaz, goi mailako musikarien lana zuzenean ikusteko aukera izango dute musikazale elgoibartarrek. (Ikus hemen kontzertuaren egitaraua PDFan)

SARRERAK:
 Otsailaren 11n izango da kontzertua, iluntzeko 20:30ean, San Bartolome Parrokian. Sarrerak bost eurotan salduko dituzte. Jasotako dirua Parrokiak egingo dituen gastuetarako izango da. Sarrerak, Kutxaneten bitartez eskuratu daitezke, datorren domekatik, otsailaren 7tik aurrera. Udal Musika Bandak domekan Herriko Antzokian emango duen hileroko kontzertuaren ostean ere salduko dituzte holandarren kontzerturako sarrerak. Kontzertu egunean ordubete lehenago jarriko dituzte sarrerak salgai Plaza Handian.

Datozen kontzertuak:
 Musika bandak egitarau zabala prestatu du 125. urteurrena ospatzeko, eta urte guztian izango dira ekitaldiak. Izen handiko taldeak izango dira Elgoibarren. Besteak beste, Loureiroko (Portugal) musika banda etorriko da apirilaren 24an, Bergarakoa ekainaren 12an, Liriakoa (Valentzia) abuztuaren 22an eta Bilboko Udal Musika Banda irailaren 25ean.

  • Elgoibarko Musika Bandaren informazioa eta 125. urteurreneko ekitaldiei buruzkoak, honako web honetan daukazue: elgoibarkomusikabanda.com