Santa Ana ermita ingurua konpontzea erabaki du Mendaroko udalbatzak

elgoibarren.net 2010ko ots. 4a, 13:19

 
Joan zen eguenean (urtarrilak 28), Santa Ana ingurua konpontzea adostu zuen udalbatzak aho batez –EAJko bost zinegotzi, EAko hiru eta PSE-EEko bat–. Ia 200.000 euro bideratuko dituzte luperian jausitako mendi-hegala konpontzeko



 Urtebete bada luperia batek Mendaroko Santa Ana ermitarako bidea apurtu zuenetik. Ermitak berak tinko eutsi zion harkaitz gainean, baina aurreko alde guztia behera etorri zen, eta sarbidea itxi zuen. Mendaron ezaguna da oso Santa Ana, eta, askoren ustez, bera da herritarren artean ermitetan estimatuena. Eta ez alperrik. Izan ere, bertan ospatzen da herriko patroiaren omenezko jai handia, uztailaren 26an. Iaz, hala ere, mendaroarrek Trinitaten ospatu behar izan zuten Santa Anaren omenezko jaia, artean konpondu gabe zegoelako bestea.

 Dirua izan zen hasieratik Santa Anako konponketei ez heltzeko arrazoi nagusia, Irune Berasaluze Mendaroko alkateak irailean BARRENi aitortu zionez. Orain, baina, Espainiako Gobernuak Enplegu eta Toki Sostengurako sortutako diru fondoa baliatuko du Mendaroko Udalak, obra hori egiteko. Herenegunera arteko epea zuen Udalak eskaera aurkezteko, eta baietza jasoko dutenetik aurrera, hilabete izango du lehiaketara aurkezten direnen artean obra adjudikatzeko. Hala, martxo erdialdera hasiko dituzte lanak, eta maiatz alderako bukatzea espero dute, “beranduenez, jaietarako prest izateko”.

  Guztira, 198.810 euroko diru-laguntza da fondo horretatik Mendarori dagokiona. Hortik, 13.000 euro proiektura eta zuzendaritza lanera bideratuko dute, eta gainerakoa jausi zen mendi hegala konpontzeko izango da. “Egindako ikerketen arabera, bidea konpontzea da zailena. Behin hori eginda, horma altxatzea errazagoa ikusten dute. Oraindik ez daukagu proiekturik, eta ez dakigu nola izando den, baina jausitako harriak erabiltzeko aukera ere ikusi da”.

  Kilimon errekak eta Deba ibaiak bat egiten duten lekuan dago Santa Ana ermita, gain batean. Eraikuntza xumea da, eta inon ez da ageri noizkoa izan daitekeen daturik, baina dokumentu gehienek gutxienez Erdi Arokoa dela jasotzen dute. Dagoen lekuan egonda, bailara osoa kontrolatzeko talaia izan zela uste dute zenbait adituk.