Mendaroko ospitaleko larrialdi zerbitzuetako lanak Aste Santurako amaituko dituzte

elgoibarren.net 2010ko ots. 9a, 14:57

 
Mendaroko ospitaleko larrialdi zerbitzuetako gunea handitzeko obrak bide onetik doaz, atzerapenak atzerapen. Gaur egun, larrialdi zerbitzuetako guneak 500 metro koadro ditu, baina obra horiei esker, 1.500  metro izango ditu aurrerantzean.

 


 Horretarako, bi solairutako eraikin bat altxarazi dute, gaur egungo larrialdi zerbitzuetako gunearen ondo-ondoan. Eraikina amaituta, barruko lanetan ari dira orain Obegisa enpresakoak. Gelak egokitu eta ospitaleko ekipamenduak behar diren lekuan jartzen. Okerrik ezean, Aste Santutarako amaitzea espero dute arduradunek. Berez, iazko gabonetarako amaituta behar zuen.
 Erabiltzaile kopuruak nabarmen egin du gora Mendaroko Ospitalean, eta beharrak bultzatuta, 2,3 milioi eurotako inbertsioa egingo du ospitaleak handitze obretarako. Larrialdi kasuak, esate baterako, 30.000 izan ziren 2008. urtean, aurreko urtean baino %26 gehiago. Inbertsioa handiagoa izango da, baina. Izan ere, handitze obretara bideratutakoaz gain, 500.000 euro gehiago inbertituko dituzte larrialdi guneetako ekipamendua berritzeko.
Inbertsio horiekin hurrengo zortzi-hamar urterako egokitu nahi dute ospitalea.

Hiru gune, zerbitzu azkarragoa
 Larrialdi zerbitzuetako eraikin berria hiru gunetan banatuko dute: batetik umeen larrialdietarako gunea egongo da, eta bestetik, helduentzakoa. Azken horrek beste bi sail edo gune berezi izango ditu: bata, larrialdi kasu ohikoetarako, eta bestea, kasu larriagoetarako. Horrek larrialdi zerbitzua azkartzeko balioko du, eta baita ospitaleko langileen egitekoa hobeto antolatzeko ere.

1706639901184 Mendaroko ospitaleko larrialdi zerbitzuetako lanak Aste Santurako amaituko dituzte

1706639901217 Mendaroko ospitaleko larrialdi zerbitzuetako lanak Aste Santurako amaituko dituzte