Elgoibartar bat finalista Citroenen Lip dub lehiaketan

elgoibarren.net 2010ko ots. 11a, 13:14

Hirurogei gaztek, Miren Bastida elgoibartarra tartean, Euskal Herrian ezagutzen den lehen Lib dub lana grabatu zuten orain bi aste Donostian (Udaletxe aurreko Alderdi Eder parkean). Lip dub bat ikus-entzunezko mota bat da: kantu ezagun bat entzuten den bitartean, kamara batek sekuentzia bakarrean ibilbide bat egiten du, eta bidean jendearekin topo egiten du abesten, dantza egiten, eta abar. Citroen auto markak antolatutako lehiaketan finalisten artean dago Youtuben ikusgai dagoen bideoa. Ia Miren topatzen duzuen…


 Mundu osoan ezagutzera ematen ari den fenomenoa da Lip dub delakoena, batez ere, unibertsitateetan. Donostian grabatu zutena ere, 18 eta 23 urte arteko unibertsitarioek grabatu zuten eta Citroen auto markak antolatutako lehiaketara aurkeztu zuten gero Animaralia izeneko lana. Auto etxe frantziarrak C3 auto modelo berria promozionatzeko asmoarekin antolatu du lehiaketa. Aurkeztu ziren 60 gidoietatik sei aukeratu zituzten eta horietatik bostek grabatu dute Lip dub estilokoa izan behar zuen bideoa. Youtuben daude ikusgai bost bideoak eta, jasotako boto kopuruak erabakiko du zein den irabazlea. Saria, Mediterraneoan zehar egiteko itsas bidaia bat izango da. Bideo irabazleak, gainera, iragarki bihurtzeko aukera izango du, baina profesionalen laguntza eta bitartekoekin.
 
Madrildarrekin lehia estua
 Alcala de Henareseko taldeak aurkeztutako Lip Dub-arekin lehia “gogorra eta estua” dutela azaldu du Miren Bastidak. Euskaldunen bideoak 15.000 ikuskatze eta 900 boto inguru jaso ditu astebetean, baina martxoaren 31ra arte beste boto mordo bat jaso beharko dituzte saria irabazi nahi badute. Youtubeko erabiltzaileek (kontua dutenek bakarrik) egunero boto bana eman dezakete, bideoaren azpian azaltzen diren izartxoen bidez.

 Madrildarrek oso ondo grabatutako bideoa aurkeztu dutela aitortu du Miren Bastidak baina euren ideia hobea dela dio. Grabaketa egunean ez ei zuten zorte gehiegi eduki, hala ere. “Eguraldi hotza eta euritsua tokatu zitzaigun eta ezin izan genuen guk nahi genuen bezala grabatu. Eguraldi hobearekin gure ideia hobeto islatuta geratuko litzatekeela uste dut. Azkenean bi entsegu bakarrik egin ahal izan genituen eta, goizeko 9:00etatik 13:00ak arte jardun genuen arren, bi grabaketa egiteko astia eman zigun”. Hala eta guztiz barre asko egin zutela eta oso esperientzia ona izan zela dio, “ez nuen uste horren dibertigarria izan zitekeenik”.
Sarean ospe handia duen Kanadako Lip dub baten berri ere eman digu Bastidak.
  • Ikusi Youtubeko bideo honetan Animaralia Lip dub-a: