Sinuose wants you izena jarri diote aurtengo ekitaldiari, eta horixe da zabaldu nahi duten mezua: Sinuosek behar zaitu. Herritarren presentzia eta partehartzea eskatu dituzte gaur gaueko saiorako, ikuskizuna iragartzeko erabili duten kartelean argi ikus daitezkeenez. Estatubatuarrentzat nazioa pertsonifikatzen duen Osaba Samen irudia ageri da bertan, hango gobernuak, besteak beste, soldaduak erreklutatzeko erabili izan duen ikono ezaguna. Sinuosek ez ditu soldaduak behar, bere azken kontzertuan parte hartzeko prest dauden herritarrak baizik.
- Kontzertua 22:30ean hasiko da.
Iban Urizarrek eta Patxi Zabaletak osatzen dute Sinuose bikotea, eta 1997an hasi ziren inauterien bueltan ekitaldiak antolatzen. Malape tabernan egiten zuten lehenengo, Herriko Antzokian ondoren, eta azken urteotan Kultur Etxeko sotoan biltzen dira.