Ikastolako frontoian jokatuko dira Urrezko Aizkoraren finalerdiak

elgoibarren.net 2010ko ots. 17a, 15:15

Punta-puntako aizkolariek parte hartuko dute, otsailaren 21ean, Elgoibarren jokatuko den Urrezko Aizkoraren finalerdietan. Elite mailako norgehiagoka izango da ikuskizun nagusia. Bertan, Floren Nazabalek (ondoko argazkian) eta Arkaitz Jauregik osatutako bikoteak Larretxea aita-semeak izango dituzte aurrez aurre. ETB1-ek zuzenean emango du.


  Otsailaren 21ean, domekan, jokatuko da goi mailako aizkora saioa Ikastolako frontoian, 12:00etatik aurrera. Egursport enpresak Elgoibarko Udal Kirol Patronatuaren laguntzarekin antolatutako kirol ikuskizuna zuzenean emango du Euskal Telebistaren lehen kateak. Alabaina, bertatik bertara jarraitu nahi dutenek 12 euroko sarrera ordainduta edukiko dute aukera. Ume eta 18 urtera arteko gazteek ez dute sarrerarik ordaindu beharrik izango Udalaren laguntza dela-eta.

Honako hauek dira Elgoibarren parte hartuko duten aizkolariak:
  • Bigarren mailan: Mugerza anaiak  Vs. *Dorronsoro/Irazabal eta Llanos/Kintana bikoteek aurreko egunean Asteasun jokatuko duten lehiako irabazleak)
  • Elite mailan: Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregi Vs Larretxea aita-semeak
  Aurten 22 aizkolari bikotek, horietatik 12 bikotek elite mailan, parte hartu dute azken txanpara hurbiltzen ari den Urrezko Aizkora txapelketan. Herri kirolen munduan entzute handiko txapelketa, 1998an jokatu zen estreinakoz.

Informazio gehiago: egursport.com