Tecnifuelle eta Alcorta igoeratik gertuago

elgoibarren.net 2010ko mar. 1a, 15:01

 
Igoera lortzeko borrokan partida erabakigarriak jokatu dituzte Alcorta Forging (argazkian) eta Tecnifuelle eskubaloi taldeek asteburuan. Sanlo klubeko bi taldeek lortu dituzte garaipenak eta, hortaz, maila igoera lortzetik gertuago daude.



Senior mutilak sendo
 Sailkapeneko bigarren postuan dauden senior mutilek (Alcorta Forging) hirugarren sailkatuaren (Soraluze BKE) aurka jokatu zuten atzo (otsailak 28) Bergaran. Liga amaitzeko hiru partidaren faltan, bergararrekiko bi puntuko aldea handitu nahi zuten elgoibartarrek eta ez zuten hutsik egin, 21 eta 29 irabazi baitzuten. Bigarren Nazional mailarako igoera fasea jokatzeko aurrerapauso handia egin dute Alcortako mutilek, lau puntura urrundu baitituzte bergararrak –lehen bi sailkatuek jokatuko dute igoera fasea-, liga amaitzeko hiru partidaren faltan (ikus hemen sailkapena). Hurrengo partiduan, gainera, azken sailkatua, Izarraitz Taberna Aloña Mendi hartuko dute etxean. Aurten igoera lortzen badute, iaz lortutakoaren ostean, jarraian lortzen duten bigarren igoera izango litzateke.
 
Senior neskak hil ala bizi
 Senior neskak (Tecnifuelle) ere igoera lortzeko borroka estuan sartuta daude. Hirugarren postuan sailkatuta daude, Kukullaga baino puntu bat gutxiagorekin eta Urdaibai liderrak baino bost puntu gutxiagorekin. Igo ahal izateko aukerak bizirik mantentzeko partida erabakigarria jokatu zuten neskek, zapatuan, Olaizaga kiroldegian. Hauek ere ez zuten huts egin eta 26 eta 18 hartu zuten mendean Petronor Muskiz taldea. Lehen eta bigarren sailkatuek jokatu zuten lehiako emaitzak (Urdaibai 25 – Kukullaga 21) elgoibartarren lan ona borobildu zuen gainera (ikusi azken jardunaldiko emaitzak eta sailkapena). Hurrengo partidua hil ala bizikoa izango da elgoibartarrentzat, Kukullagaren kantxari bisita egingo diote-eta. Igoera faserako sailkapena egongo da jokoan Etxebarrin (Bizkaia).