Salegi eta Garate txapeldunorde Gipuzkoako mus kanporaketan

elgoibarren.net 2010ko mar. 2a, 11:10

 
Seguran jokatutako Gipuzkoako kanporaketan txapeldunorde geratzea lortu dute Manuel Salegik eta Pedro Garatek. Honenbestez, Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala jokatzeko txartela eskuratu dute elgoibartarrek. Finala ere Seguran jokatuko da martxoaren 20an. (argazkiak dauzka)

 
  Zorteak pisu handia ei du karta jokoetan. Musean ere bai, noski, baina ia betikoak aurrean ibiltzeko, zortearekin nahikoa ez dela bistakoa da.
Kimetz elkartean jokatu zen Elgoibarko kanporaketa irabazi ostean Gipuzkoako kanporaketan aurrean ibiltzeko faboritoen artean zeuden Salegi eta Garate, eskarmentu eta esperientzia handiko bi muslari -makina bat txapel lortu batak zein besteak-. Muslari abilak direla frogatu zuten, beste behin ere.

1706639865092 Salegi eta Garate txapeldunorde Gipuzkoako mus kanporaketan

Herri bakoitzeko kanporaketetan 500 muslari bikotetik gora aritu dira lehian eta onenak, 83 bikote, Gipuzkoako kanporaketa jokatzeko sailkatu ziren. Seguran batu ziren guztiak joan den zapatuan. Salegi eta Garate primeran moldatu ziren, eta azken jokorako sailkatzea lortu zuten. Martin Arrizabalaga eta Juan Mari “San Juan Txiki” (argazkian txapela eta garaikurrekin) izan zituzten aurrez aurre finalean, baina mutrikuarren aurrean men egin behar izan zuen bikote elgoibartarrak.
Zazpi probintzietako muslariak
 Seguran aritu ziren 31 bikotek lortu dute Euskal Herriko Mus Txapelketako final nagusirako (martxoaren 20an, Seguran) sailkatzea. Finalean 128 bikote arituko dira Euskal Herriko zazpi probintziak ordezkatuz.
 Sari handiak eskuratzeko aukera edukiko dute finalerako sailkatu direnek: bikote irabazleak garaikurra, 3.000 euro eta 4 lagunentzako nazioarteko bidaia irabaziko ditu, eta ondorengo hiru bikoteentzako ere sari handiak egongo dira.


Lotura duten albisteak: