•Transgrancanaria, Kanaria Handia aldenik alde
Kanaria Handia (Kanariar uharteak, Espainia) zeharkatzen duen123 kilometroko ultratraila (50 km-tik gorako probak) da Transgrancanaria. Edonor beldurtzeko iraupen luzeko proba gogorra izan arren, hiru elgoibartar gogo biziz joango dira, barixaku honetan –martxoaren 5a eta 7a bitartean egingo da-, Transgrancanarian parte hartzera. Eduardo Uribe, Jon Revert, eta Manolo Ramos elgoibartarrek 30 orduko denbora muga edukiko dute 123 kilometroko ibilbidea osatzeko. Edu Uribe da hiruretan proba ezagutzen duen bakarra, iaz egin zuen-eta, “22 ordutan amaitu naban eta irabazleak 12 ordu eta 55 minutu behar izan zituen”.
Kanaria Handiko proba baino helburu handiagoak ditu, hala ere, Uribek: “Mont Blanc-eko ultratraila egitea da nire desioa baina antzerako lasterketetan parte hartzeagatik ematen dituzten puntuak eskuratu behar ditut aurrez horretarako. Transgrancanaria egiteagatik, esaterako, hiru puntu ematen dituzte”. Euskal Herrian sekula egin den mendi lasterketarik gogorrenetakoan, “Ehumilak” ultratrailean, parte hartzeko asmoa ere badu Uribek –antolakuntza lanetan ere badihardu gainera-. Hortaz, galtzak bete lan edukiko du 2010ean horrenbeste probarekin. Urte amaieran pilatuko dituen kilometro kopurua ikustekoa izango da. (Mendi Lasterketa bere blogean aurkituko duzue informazio gehiago) Geldirik egon ezin den beste bat Jon Revert da. Iraupen luzeko lasterketetan zaildutako antxintxikariak Hiru Handiak proba du aurten begitartean sartuta. Kanarietan Manolo Ramos lagunarekin egingo du proba.
•Pierra Menta, mendi eskiko klasikoa
Pierra Menta mendi eskiko klasikoaren 25. aldia ohiko legean, hilaren 11tik 14era, Frantziako Alpeetako Areges-Beaufortain ibarrean jokatuko da, eta puntakoa izan da ikuskizuna. Lau etapatan 10.000 metroko desnibelak gainditu beharko dituzte partehartzaileek. Horien artean izango dira Arkaitz Irureta eta Iker Leonardo eskizale elgoibartarrak (goiko argazkian 2008ko Altitoy proban). Proba mitiko honetan parte hartzeko aukera izatea bera zorte handia da, ez baita erraza leku bat egitea. Eta halaxe, pozak txoratzen, jaso zuten bi elgoibartarrok aurten parte hartzeko aukera izango zutenaren berria. Arkaitz Iruretak bere blogean (Ikusi Mendizaleak, mendizale baten nondik norakoak) azaldu zuen momentu hori.
Pierra Mentari buruz jakin beharreko guztia (informazioa, aurreko edizioetako argazki eta bideoak) sakonean aztertu eta azaltzen ditu, gainera, Iruretak bere blogean.