Bitoriano Loiola: “10 urte egin aurretik buruz hartutako piezak ere badauzkat nik”

elgoibarren.net 2010ko mar. 4a, 16:49

{vimeo}9852866{/vimeo}Apirilaren 13an 84 urte beteko ditu Bitoriano Loiola Ospasek, baina nahiko lukete askok haren sasoia. Buru argia eta atzamar bizkorrak ditu artean, eta soinua jotzen ospatu nahi du urtebetetzea. Umetatik datorkio trikiti zaletasuna Bitorianori, eta soinuak bizi du. Orain bi urte, Nazioarteko Trikitixa jaialdian, Kursaalean jo zituen bi pieza, “10 urte egin aurretik buruz hartutakoak” jotzeko eskatu diogu (bideoan). Gerra hasi zen urtean, 9 urterekin, ikasitako pasodoble bat da lehena, eta Gelatxo zaharrari entzunda ikasitako Bèsame izeneko txotisa bigarrena. (Elkarrizketa eta bideoa dauzka)

1706639840928 Bitoriano Loiola: “10 urte egin aurretik buruz hartutako piezak ere badauzkat nik”

 
Mendaron bizi bada ere, Mutrikuko Abeletxe baserrian jaiotakoa da Bitoriano Loiola, eta han erromeria egiten zuten jaiero. Han ikasi zuen soinu txikia jotzen, solfeoaren arrastorik izan gabe, eta soinuak egin du ezaguna. Bi aldiz irabazi du 60 urtetik gorakoen trikiti txapelketa Zarautzen, Luzio Ubera panderojole zuela, eta Nazioarteko Trikitixa Jaialdian ere jotakoa da, Janire Elordi ilobarekin.


Makina bat lekutan ibili zara soinuarekin. Donostiako Trinitate Plazan eta Kursaalean ere jo duzu, Nazioarteko Trikitixa jaialdian.

Bai. Kursaalekoa orain bi urte izan zen. Tapia etorri zitzaidan etxera, Kursaalean jo behar nuela esanez. Nik esan nion sarrera kobratutako zer batera joateko beste ez nintzela ni, baina berak, baietz. Nahi nituen piezak jotzeko eskatu zidan, baina zaharrak izan zitezela. “10 urte egin aurretik buruz hartutako piezak badauzkat nik”, esan nion, eta berak: “Ahal baduzu horiexek jo”. Janire ilobak lagundu zidan panderoarekin. Handia izan zen.

Gogoan daukazu zer pieza jo zenituzten?

Bitoriano Loiola

Jakina. Pasodoble bat badaukat nik, Lajari eta direnei eta ez direnei jo, eta inork ezagutzen ez duena. Pieza hori Gerra hasi zen urtean ikasitakoa da, 9 bat urte nituenean. Aita zena eta biok etorri ginen gonbidatu Lasaldera, aitaren jaiotetxera, eta han geundela Billalen soinu hotsa entzun nuen. Han bazen soinu jole bat, ordurako hiru ilarako soinua jotzen zuena. Orain ere begien aurrean daukat gizona. Grabatuta gelditu zitzaidan niri pasodoble hura. Etxera etorri, paperarekin soinua egin, eta hantxe jardun nuen, plantetan. Kursaalean jo nuen piezetako bat huraxe izan zen. Txotis bat izan zen bestea, Trinitateko eliza konpontzeko grabatutako diskoan jasotakoa: bésame. Gure osaba zena ezkondu zenean, Gelatxo zaharra etorri zen Abeletxera, eta hari entzunda ikasitakoa da. (goiko bideoan entzun ditzakezue bi piezak)

Noiz eta non hasi zinen soinu txikia jotzen?

1706639840996 Bitoriano Loiola: “10 urte egin aurretik buruz hartutako piezak ere badauzkat nik”

Sasoitako kontua da ni soinua jotzen hasi nintzela. Olatzkoa naiz ni (Mutriku), Ibiriko Abeletxe baserrikoa. Jai iluntzetan erromeria egiten zen gure etxean. Nik 7 bat urte nituela hasi ginen, eta hamar bat urte iraun zuen. Taberna lege bat ere bazen han, eta bazter askotako jendea etortzen zen. Denak oinez, orduan ez zegoen biderik-eta Mutrikutik gora. Ilundu baino hiru bat ordu aurretik hasten zen erromeria, eta iluntzearekin batera amaitu. Orduan, neska guztiek alde egiten zuten, eta gizonezko banaka batzuk gelditzen ziren, jokoan edo. Nik 17 bat urte nituela, baina, baserriko taberna kaxkar hari kalekoen zerga berdina jarri zioten, eta derrigorrean itxi egin behar izan genuen, zerga hori ordaintzeko adina ez zen urte guztian ateratzen-eta. Taberna itxi zutenean amaitu ziren hango erromeriak. Ordurako ni soinua jotzen hasita nengoen.

Zein izan zenuen maisu?

1706639841033 Bitoriano Loiola: “10 urte egin aurretik buruz hartutako piezak ere badauzkat nik”

Neure kontura ikasi nuen. Solfeoaren arrastorik ere ez daukat nik. Umetan, etxera etortzen zen soinu jolearen ondoan jartzen nintzen, eta halaxe. Elgeta [Jacinto Rivas] zen orduan hemen inguruetako onena. Gure anaia zenak banketxean lan egiten zuen, eta askotan elkarrekin bazkaltzen zuten. Lagun egin ziren, eta jai iluntze batean gure anaia zenak Abeletxera ekarri zuen, soinua jotzera. Bertan gelditu zen hiru-lau egunean, mantentze aldera niri soinua jotzen erakusteko. Harekin jardun nuen lau iluntzetan. Goizean ordu biko bidea egin oinez, egun guztia porlan zakuekin ibili, eta iluntzean etxeratzen nintzenean, zain izaten nuen. Goizean, berriz, bostetan jaiki eta beste ordu erdi bat aritzen ginen. Elgetak erakutsi zidan nondik hasi behar nituen piezak.

Zenbat gazte ote daude urtetan solfeoa ikasi ezinda. Nola liteke zuk dena buruz hartzea?
Nik burua ez dut bestela nekatzen-eta. Esaten dute burua beste ezertan nekatzen ez duenak beti izaten duela kapazitate ona zerbaitetarako. Burua erabili ere egin behar da, baina, eta solfeoa dakitenek irakurri egiten dute eta ez dute buruan hartzen.
Soinua ondoen oraintxe jotzen duzula irakurri dizugu. Egia da hori?
Hala da-eta. Ondoen oraintxe nabil, 66-67 urtetik atzera. Gu lanean ibiltzen ginenean ez zen orain beste makina izaten. Belar zulokoa zela edo beste edozer zela, sardearekin ibiltzen ginen gu egun osoan. Orduan gogor-gogor eginda neuzkan nik atzamarrak, eta ezin izaten nuen soinua dominatu. Orain zuzendu zaizkit niri atzamarrak.