Pilarko zaharren etxea izango denaren irudia aurkeztu du Udalak

elgoibarren.net 2010ko mar. 5a, 15:22

 
ZMZ asociados SL enpresak irabazi du Pilar Ikastetxean zaharrentzako egoitza, eguneko zentroa, aparkalekuak eta udal bulegoak egiteko proiektu lehiaketa. Lau hilabete izango ditu, gaurtik aurrera, 172.782 euroko kostua edukiko duen proiektua idazteko. Pilarrek etorkizunean izango duen itxura aurreratu dute fotomontaien bidez. (argazkiak dauzka)


Eraikin berriek Elgoibarko planoan izango duten tokia.

 Proiektu lehiaketa publikora aurkeztu ziren 11 lanen artean ZMZ asociados enpresak aurkeztutakoa aukeratu du epaimahaiak. Foru Aldundiko bi arkitektok, Izaskun Larzabal Udal arkitektoak eta Arkhiru Arkitektoak enpresako arkitektoek osatu duten epaimahaiak teknikoki lanik onena dela nabarmendu du. “Garestiena (172.782 euro, BEZ barne) ere bai, baina bestekiko aldea ez zen nabarmena”, azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak. Bestalde, arkitektoek aurkeztu duten proiektuak ez dauka zertan azken emaitzarekin bat etorri, “baina ez da urruti ibiliko”, gaineratu du Etxeberriak.

1706639839511 Pilarko zaharren etxea izango denaren irudia aurkeztu du Udalak

Elgoibarko alkateak azaldu duenez, ekipamendu berri horietan eskainiko diren zerbitzuak “gehiago zehaztea” izango da eman beharreko hurrengo pausua eta baita ondarearen gestioa zehaztea ere. Gestioari dagokionez, jabetza Udalarena izango den arren, erabilera Diputazioari lagako dio hainbat urterako.

 Irailaren 1erako (Udalaren jabetzara pasako da Pilar Ikastetxea) egingo dena erabakita egon behar dela aurreratu du Etxeberriak: “Diputazioa da proiektua betearaztearen arduradun nagusia”. Jarritako epeak betez gero, 2011n hasiko lirateke Pilar ikastetxean zaharrentzako etxea egiteko obrak, eta okerrik ezean, “krisiak lagatzen badu”, hiru urteren bueltan bukatuko lituzteke, 2014rako, hain zuzen.

Urasandi auzorako irtenbideak
 Zaharren beharrak asetzeaz gainera Urasandi auzoak dituen arazo batzuetarako irtenbidea ekarriko duela proiektuak uste dute udal agintariek. “Aparkamenduen arazoa, auzorako sarrera-irteerena eta aisialdirako guneena hobetu daiteke", Alfredo Etxeberria alkatearen esanetan. Eraikin bat jarduera-ekonomikora bideratzeko asmoa ere aurreratu du.

N-634 errepidea aurrean eta Urasandi auzoko etxeak atzean (gorriz)

Urasandi auzoak sarbide berria eta aisialdi gune gehiago edukiko ditu.

 
Lotura duten albisteak: