Txikiteo feminista eta elkarretaratzea emakumeen egunean

elgoibarren.net 2010ko mar. 8a, 12:20

 
Elurrarekin esnatu zaigu martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Elurrarena, neguko laugarren elurtea izanik, beharbada, ez da notizia. Aldiz, sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna aldarrikatzeko egunak, albiste izaten jarraitzen du. Egunaren inguruan hainbat ekintza antolatu dituzte Elgoibarren eta Mendaron. (egitaraua dauka)


Elkarretaratzea Plaza Handian

  Elgoibarko Emakumeen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egingo da, Elgoibarko Plaza Handian, 19:00etan. Gora emakumeen borroka izango du leloa, eta ondoren, txikiteo feminista egingo da herriko tabernetan zehar.

Ipuin kontaketa eta antzerkiak
 “Sexismorik gabeko ipuinak” irakurriko ditu Sonia Villamor Urtxintxako ipuin kontalariak, Gotzon Garate Udal Liburutegian. Bi saio izango dira: lehenengoa, 17:00etan, haur hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailako haurrentzat, eta 17:30ean bestea, lehen hezkuntzako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoentzat.

 Mendaron, Zuhaitzak zutik hiltzen dira antzezlana ikusteko aukera izango da gaur. Alejandro Casonaren lan batean oinarritutako antzezlana da, eta Orratx Antzerki Taldeko Lierne Fresnedoak zuzendu du. 19:30ean hasiko da antzezlana, San Agustin kulturgunean. Antzezlana euskaraz izango da, eta ordu eta laurden inguru iraungo du. Tarte horretan, ludoteka zabalik egongo dela jakinarazi du Mendaroko Udalak, antzerkira joan nahi duten gurasoen seme-alabentzako. 19:00etatk 21:00ak arte egongo da zabalik ludoteka, doan.

 Gaur zortzi, berriz, El club de las mujeres invisibles antzezlana ikusteko aukera izango da, Elgoibarren, Herriko Antzokian. Fernando Bernuesek zuzendu du lana, eta antzezlanean zehar zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da. Iñaki Salvador ariko da pianoa jotzen, eta Ainara Ortegak jarriko du ahotsa eta biolina. 22:15ean hasiko da antzezlana eta sarrerak 8,5 euro balioko du. Gazte txarteldunak, baina, sei eurotan sartu ahal izango dira. Sarrerak leihatilan ere erosi ahalko dira.
 
Patchwork erakusketa
Joan zen barixakuan inauguratu zuten Pachtwork erakusketa, eta hilaren 14ra arte egongo da zabalik Kultur Etxean. Oihal zatiak elkarrekin josiz eginiko lanak izango dira ikusgai. Lan horien egileetako bi elgoibartarrak dira: Isabel Azkue eta Mertxe Lapedriza. Biek gustuko dituzte eskulanak, eta patchwork teknika ikasten hasi ziren orain dela urte batzuk. Dagoeneko hainbat lan egin dituzte, eta Haizeak jendaurrean erakusteko eman dien aukerarekin “pozik” daude.

Elgoibartar gutxi Lilatoirik jendetsuenean
  Elgoibartar gutxik parte hartu dute inoizko parte-hartzerik handiena izan duen Lilatoi lasterketan. Guztira, 1.694 lagunek amaitu zuten Donostian egiten den bost kilometroko lasterketa eta tartean izan zen elgoibartarrik ere, nahiz eta azken urteetan baino gutxiago izan ziren. Emakume elgoibartarrak parte hartzera animatzeko zerbait egin beharko luketela uste du bertan izan zen antxitxikari batek: “Pena bat da orain urte batzuk hainbeste elgoibartar batzea eta horren gutxi orain. Zerbait egin beharko genuke jendea animatzeko, lasterka egiteko afizioa badago-eta hemen eta han bizi den jai giroak merezi du”.
 Donostiako Koordinakunde Feministak sortu zuen Lilatoia, duela hogeita bat urte. Azken Emakunde saria jaso zuen Lilatoiak, kirolean emakumezkoaren parte-hartzea sustatzen duelako eta, hala, haiek elkartzeko indar egiten duelako.