Aingeru Guardako jaien itzulera arrakastatsua

elgoibarren.net 2010ko mar. 8a, 13:34

 
Orain zortzi urte galdutako Aingeru Guardako jaiak berreskuratu dituzte Mendaroko Plaza auzoan. Domekan (martxoak 7) egin zituzten ospakizun nagusiak ermitaren bueltan, eta, batu zen jende andana ikusirik, jaien itzulera arrakastatsua izan dela esan daiteke. Plaza auzotik alde egindako lagun askok ez zuten halako egun seinalatuan huts egin nahi izan. (argazkiak dauzka)

 


  Domekan, meza ostean, egin ziren herri kirol demek lagun asko erakarri zuten. Fausto Mugertzak aizkoran, Unai Salegi Sarobek trontzan, eta Juanjo Agirregabiriak trontzan eta txinga eroaten jardun zuten. Ondoren, Gotzon Zulaika eta Jon Larrañaga mendaroarrak kaskara edo lokotx batzen aritu ziren elkarren aurka. Azkenean, Larrañagak irabazi zuen norgehiagoka. Jai giroa, berriz, Idurre Arriolaren eta Maite Olazabalen trikiti doinuek jarri zuten.
 Lehen urtea izanda, jai batzordeko kideek apal hastea nahi izan dute, baina honek jarraipena izango duela ziurtatu dute. Ideiarik ez zaie falta eta dagoeneko hasi dira aurtengoa hobetzeko lanean.

  • ERREPORTAJEA: Plaza auzoko hamar plazakumek Aingeru Guardako jaiak berreskuratzeko egin duten lanari buruz gehiago jakiteko, ikusi BARREN astekariaren 730. aleko erreportajea: Plazara, gazteen eskutik (PDF).
 
Argazkiak:

 Jan edanik ezin falta festa izango bada.

 

Arriola eta Olazabal trikitilariak.

Larrañaga (ezk.) eta Zulaika lokotx biltze proban.

Ikusmina sortu zuen trontzalarien lanak.

Egon zen txingekin indarrak probatu nahi izan zuenik ere.

Plaza auzoko bizilagunak, oraingoak eta izandakoak.