Igoera fasea jokatuko du Alcorta eskubaloi taldeak

elgoibarren.net 2010ko mar. 8a, 15:11

Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, igoera jokoan egongo den ligaxkara sailkatzea lortu du senior mailako mutilen taldeak, matematikoki. Senior neskek, aldiz, partida garrantzitsua galdu zuten bigarren sailkatuaren aurka.
*Leire Arizmendi Espainiako selekziora: infantil mailako Espainiako selekzioak Leire Arizmendi deitu du.


 Alcorta Forging taldea sei taldeko ligaxkan arituko da martxoaren 27tik aurrera. Hiru talde gipuzkoar, bi bizkaitar eta arabar bat sailkatu dira igoera fasea jokatzeko eta lehen bi sailkatuek edukiko dute igoera lortzeko aukera.
 Tecnifuellek, senior nesken taldeak, igoera lortzeko borrokan jarraitu beharko du liga amaitzeko geratzen diren hiru partidetan. Izan ere, sailkapeneko bigarren postuan dagoen Kukullagaren aurkako partida 22 eta 21 galdu eta gero, hirugarren postutik laugarren postura jaitsi dira sailkapenean. Hurrengo jardunaldian liderrak, Urdaibai taldeak, bisita egingo die elgoibartarrei Olaizaga kiroldegian.
Lotura duten albisteak:

Leire Arizmendi Espainiako selekziora
 Infantil mailako Federopticos Ikus taldean diharduen Leire Arizmendi elgoibartarra deitu du Espainiako eskubaloi selekzioak. Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioetan sarritan jokatu eta gero, estreinako aldiz jaso du Espainiako selekzioaren deia. Getafen (Madril), egingo duten kontzentrazio edo entrenamendu saioetarako deitu du Espainiako selekzioak jokalari elgoibartarra. Aste Santuko bigarren astean, apirilaren 5etik 9ra joango da bertara. Orain hiru urte Sanloko beste jokalari batek, Ane Urainek, parte hartu zuen selekzioak Aste Santuaren bueltan egin ei duen kontzentrazioan.

Leire Arizmendi, 17 zenbakiarekin.

Euskadiko selekzioarekin.