Laster amaituko dituzte Idotorbe eta Arriagako elkarte berrietako lanak

elgoibarren.net 2010ko mar. 10a, 13:24

Idotorbeko elkarte berria Aste Santu osterako eta Arriagakoa “aste bat edo bi” barru amaituta egongo direla aurreratu dute Hirigintza Saileko arduradunek. Eguraldiak lanak baldintzatu ditu eta atzerapen pixka batekin irekiko dituzte bi bailaretako auzotarren erabilerarako izango diren elkarteak. (argazkiak dauzka)


 Idotorbe-San Pedron solairu bakarreko eta 300 metro karratuko eraikina egiten ari dira, probalekuaren eta frontoiaren jarraian dagoen berdegunean. Auzotarrek bilerak egiteko gela bat izango dute, lokal sozial moduan erabiltzeko beste gela bat eta hirugarren gela bat ere bai, adinekoei arreta berezia eskaintzeko, “eguneko zentro moduko bat”, argitu du Alfredo Etxeberria alkateak.
 Eraikuntza lan honetarako 248.000 eurotako diru-laguntza jasoko du Udalak Eusko Jaurlaritzaren Erein eta Feader egitasmoen bidez, eta horretaz gain, Diputazioko Nekazal Garapenerako sailetik ere 72.000 euro jasoko ditu.

Eraikinaren kanpoaldea amaituta dago ia, barrualdeko lanak falta dira egiteko.

Moru, Karakate eta Arrate ikus daitezke Idotorbeko elkartetik.

Elkartearen teilatua bista ederreko terraza izango da, probalekuaren amaieran.

Idotorbeko elkarteko lanak, hasi berritan, Karakateko tontorretik ikusita.

 
Arriagako elkartea ia prest

1706639836289 Laster amaituko dituzte Idotorbe eta Arriagako elkarte berrietako lanak

Arriagako elkarteari, bestalde, azken ukituak ematea bakarrik falta zaio erabiltzeko prest egoteko. “Aste bat edo bi barru” lanak amaituta egongo direla aurreratu du Rikardo Garate, Hirigintzako arduradun nagusiak. 85.000 eurotako inbertsioa egin dute Udalak (%60) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (%40) San Antolinen, A-8 autopistako zubipean, dagoen lokala berritzeko. Amaro eraikuntza enpresa arduratu da trenbideko langileen txabola izan zen eraikina berritzeaz eta egokitzeaz.