Orbea taldeko Beñat Uraini bizikleta ostu diote Madalan

elgoibarren.net 2010ko mar. 11a, 11:09

 
Beñat Uraini, Orbea taldeko txirrindulari profesional mendaroarrari, bizikleta -argazkian ageri dena- ostu zioten atzo, Madalako taberna batean kafe bat hartzera sartu zenean. Orbea etxeko Orca bizikletak balio handia du eta zerbait ikusi edo dakienari berarekin kontaktuan jartzeko eskatu du lan tresna ostu dioten txirrindulariak.

 
 

 Markel Irizar (Radio Shack) eta Aitor Galdos (Euskaltel) txirrindulari profesionalekin batera entrenatzen ari zen Beñat Urain (Orbea). Elurra hasi zuela-eta, Iriondo tabernan sartu-irten labur bat egitea erabaki zuten atzo eguerdian, barruak pixka bat berotze aldera. Kanpora irten zirenean demaseko ezustea hartu zuten; Urainen bizikleta falta zen. Txirrindulariak saiatu ziren han eta hemen begira, baina ez zuten bizikletaren arrastorik topatu.
 Urdin ilun koloreko Orbea Orca bat da ostu duten bizikleta. Gainera, txirrindulariek entrenamenduetan egiten duten indarra edo potentzia neurtzen duen potentziometroa ere ostu zioten. Bizikleta eta potentziometroaren artean 6.000 eurotik gorako balioa izan dezake ostutakoak.
  •  Beñat Urainekin harremanetan jartzeko telefonoa: 687 306 330