Lapurreta delitu bat leporatuta atxilotu zuten Eibarko ertzain-etxeko agenteek gizon bat, zapatuan (martxoak 13). Aparkatuta zeuden bi kamioien depositoko tapoia indarrez irekitzen harrapatu zuten ertzainek atxilotua; barruan zuten gasolioa ateratzen ari zen unean, hain zuzen ere. Ertzaintzak jakinarazi duenez, susmagarria furgoneta batean gordetzen ari zen osten ari zen gasolioa. Guztira, 25 litroko hamabi bidoi zeuden ibilgailuaren barruan gordeta.
•Gasoila ostu zuela aitortu zuen
Ertzaintzako patruila batek, gizon batek gidatutako furgoneta bat ikusi zuen zapatu gauean, 23:30ak inguruan, industrialdetik irteten. Gidariaren jokabideak agenteen susmoak piztu zituen eta gelditzeko agindua eman zioten identifikatu ahal izateko. Gizonaren dokumentazioa ikuskatzen ari zirela, furgoneta barrutik zetorren gasolio usain sendo bat nabaritu zuten ertzainek.
Hortaz, ibilgailuaren barrualdea ikuskatzea erabaki zuten eta gasolioz betetako hamabi bidoi, 25 litrokoa bakoitza, aurkitu zituzten furgonetan. Erregai guzti horren jatorriaz galdegin zioten gidariari eta honek, industrialde hartan aparkatuta zeuden bi kamioitatik ostu berri zituela aitortu zien ertzainei.
Berehala inguruak ikuskatzen hasi ziren agenteak eta erregai gordailuak indarrez irekita zituzten kamioi bi topatu zituzten eta zorua gasolio arrastoz beteta zegoela egiaztatu zuten. Hau guztia kontuan hartuta, ustezko lapurra atxilotu egin zuten. 33 urteko atxilotua ertzain-etxera eraman zuten. Azkenean, aske utzi dute baina epailearen aurrean aurkeztu beharko du honek hala eskatzen duenean.