Duela 25 urte hasi ziren egun mendi eskian erreferente garrantzitsuena den lasterketa egiten, Pierra Menta. Frantziako alpeetan, Albertville inguruan, Beaufort bailaran egiten da. Lehen euskaldunak orain dela hamabi urte iritsi ziren proba honetara, eta aurtengoan (martxoaren 11tik 14ra) beste hiru bikote euskaldunekin batera parte hartu ahal izan dute Iker Leonardo eta Arkaitz Irureta elgoibartarrek.
•Mendi eskiko Paris-Dakarra edo Frantziako Tourra
Lau etapatan egiten da Pierra Menta, eta bikoteka egiten da. Bikoteetan egitearen arrazoia mendizaletasunaren espiritua mantentzea dela azaldu dute bi elgoibartarrek. “Bikoteak onerako eta txarrerako batzen dira, izan ere mendi eskiko Paris-Dakarra edo Frantziako Tourra ere deitzen dioten lasterketa honetan lau egunetan 10.000 metro positibotik gorako desnibelak gainditu behar dira eta ibilbideak 80 kilometrotik gora ditu”, azaldu du Iruretak.
Helmugara ailegatu aurretik gainditu beharreko oztopoen zerrenda luzea da: zortzi tontor, pasoko sei mendi-lepo, eskiekin bizkarrean bost korridore eta bost gailur-arista, pinari estuetan bukatzen diren 1.500 metroko jaitsierak… .
“Lasterketetan lasterketa da, zalantzarik gabe, Pierra” dio Iruretak. Oztopoak oztopo eski gainean zihoan bitartean hainbat argazki eta bideo ateratzeko astia hartu zuen Iruretak eta bere blogean (Ikusi Mendizaleak) jarri ditu guztiak.
Ikusleentzat ere proba erakargarria eta ikusgarria da Pierra Menta. Zapatuko etapan esaterako, 6.000 lagunek jarraitu zuten proba zuzenean. Ikusleen artean elgoibartarrik ere egon zen. Arkaitz Iruretak Grand Mont mendiaren tontorrean grabatutako bideo honetan euskaldunen animuak jaso zituzten elgoibartarrek.
•BIDEOA: Edonon topo egin daiteke pertsonaia bitxiekin, baita Pierra Mentako zatirik arriskutsu eta konplikatuenetako batean ere.
•BIDEOA: Iker Leonardo eta Arkaitz Irureta Pierra Mentako helmugara ailegatzen.{youtube}MhLbdpNwvOk&feature=player_embedded{/youtube}