Gazteen lokalen inguruan sortzen diren gatazkak konpontzeko protokoloa prestatu du Udalak

elgoibarren.net 2010ko mar. 17a, 14:30


Gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten lokalen inguruan sortzen diren arazoak eta gatazkak konpontzeko protokoloa prestatu du Udalak. Herritarren arteko elkarbizitza hobetzea da helburua.

 



 Elgoibarren 30 lokal inguru erabiltzen dituzte gazteek. Lokalak erabiltzen dituzten gazteen eta lokal horien inguruko bizilagunen harremana hobetzeko proiektua jarri zuen martxan Udalak orain dela hiruzpalau hilabete. Ordutik hona, hiru bilera egin dituzte gazteek, gurasoek eta lokalen inguruetan bizi diren bizilagunek. 15 eta 60 urte bitarteko 7.000 lagun gonbidatu zituen Udalak, bilera horietan parte hartzeko. Lehenengoan, 80 lagun elkartu ziren; bigarrenean, 70; eta hirugarrengoan, 96. Guztien artean idatzi bat adostu dute, eta egunerokoan erabiliko dute, batez ere, gatazka edo desadostasunak sortzen direnean. Gazteek erakutsi duten “interesa eta inplikazioa” eskertu ditu Alfredo Etxeberria alkateak, baina gurasoen partetik “inplikazio handiagoa” espero zutela adierazi du. Izan ere, bileretara azaldu diren gazteen kopuruak gorantz egin zuen heinean, beherantz egin zuen bileretara azaldu ziren gurasoen kopuruak.
Ordezkariak aukeratu
  Lokal bakoitzeko erabiltzaileek eta etxebizitza bloke bakoitzeko bizilagunek ordezkari bana izendatuko dute (lokalak adin txikikoek erabiltzen badituzte, gazte bat eta guraso bat izendatuko dira). Behin ordezkari guztiak aukeratu ostean, pertsona horien izen-abizenak eta gainerako datuak emango zaizkio Udalaren Gazteria teknikariari. Hain zuzen, udalaren teknikariak eta udaltzainak izango dira erabiltzaileen eta auzotarren arteko elkarbizitza bermatuko duten pertsonak. Aparejadoreak, ordea, “lokalen segurtasun eta osasun baldintzak betetze aldera, lokalek dituzten gabeziak eta gabezia horiei dagozkien neurri zuzentzaileak” zehazteko ardura izango du.

 Aldi berean, urtero bi bilera egingo dira alderdi guztien artean; bileretako ondorioak, aldiz, Gazteria teknikariari helaraziko zaizkio, memoria batean jaso ditzan. Dena dela, ohiz kanpoko gaiak edo arazoak izanez gero, bilera bat egiteko erabakia hartuko da. Horretaz gain, aztertu beharreko kasu eta gaien arabera erabakiko da bileran “zein alderdik parte hartuko duen”. Nolanahi ere, arazoren bat gertatzen baldin bada, udaltzainak, Gazteria saileko teknikaria eta kale hezitzaileak izango dira gazteekin eta auzokideekin batuko direnak, diagnosi egokia egiteko.

Bigarren fasea
 Gazteek erabiltzen dituzten lokalak direla-eta sor litezkeen arazoak konpontzeko protokoloa egin ondoren, Elgoibarko Udalak hitz eman du akordiorako proposamen bat aurkeztuko duela “bi hilabeteko epean”. Bestalde, lokal bakoitzari buruzko azterketa egingo du Udalak, sei hilabeteko epean.
 
*Argazkia: elgoibar.org