Ubitarte Gain eta San Roke arteko bidea abuzturako amaituta egongo da

elgoibarren.net 2010ko mar. 18a, 14:23

Ubitarte Gainen zeuden eraikin industrial zaharrak eraitsi eta gero –iazko maiatzean bota zituzten- eraikinen azpian agertu ziren kutsatutako lurrak ziren Ubitarte Gain eta San Roke arteko bidea egiteko oztopo nagusia. Jaurlaritzak lurrak mugitzeko baimena eman ondoren, Usartza SL enpresak edukiko du bidea egiteko ardura. Atzerapenik ezean abuzturako bidea amaituta egongo dela aurreratu dute udal agintariek.


 Kutsatutako lurrak mugitu eta bertatik kentzea izango da estreinako lana, eta Jaurlaritzak emandako baimenaren ostean, lanok hasteko moduan daude, eta halaxe hasiko dira, ahalbaitlehen. Kutsatutako lurra ateratzeko “pare bat kamioikada” nahikoa izango direla uste dute udaleko arduradunek. Ondoren ekingo diote bidea egiteari. Usartza SL enpresak lau hilabeteko epea edukiko du lanak bukatzeko. Santa Ana eta San Roke kaleak batuko dituen bideak bi noranzko izango ditu.

 Bestalde, eraikin industriala zegoen hutsunean aparkalekuak egiteko asmoa dauka Udalak.

 Ubitarte Buruko Babes Ofizialeko etxeen eta trenbidearen azpitik pasatzen da bidea.

200 bat metroko bideaz gain, aparkalekuak egiteko aukera ere eskaintzen du gune honek.

 
Lotura duten testuak: