Zazpigarren postua Salegirentzat eta Garaterentzat EHko mus txapelketan

elgoibarren.net 2010ko mar. 22a, 12:57

 
Manuel Salegik eta Pedro Garatek zazpigarren postua –seigarren sailkatuekin berdinduta- eskuratu dute Euskal Herriko mus txapelketan. Zazpi probintzietako 128 bikotek parte hartu dute Seguran jokatu den finalean.

 
 

 Euskal Herriko mus txapelketako Gipuzkoako kanporaketan bigarren postua lortu eta gero, paper duina egiteko gogoarekin aurkeztu ziren Salegi eta Garate, joan zen zapatuan (martxoak 20), Seguran jokatu zen Euskal Herriko mus txapelketaren final handira. Euskal Herriko txoko guztietatik joandako 128 bikotek parte hartu zuten bertan.

Ibai Esoain eta Rikardo Uzkudun, Euskal Herriko mus txapeldunak.

 Pausoz pauso aurrera egiteko helburuarekin hasi zirela musean azaldu du Garatek: “Ligaxka modukoa jokatu genuen goizean, eta arratsaldeko saioetarako sailkatzea zen gure estreinako helburua, hala, besteak beste, bertan bazkaltzen geratzeko aukera geneukalako”. Goizean bakarrik ez, arratsaldeko mus saioetan ere euren maila eman eta ia amaierara arte jardun zuten lehian. Jokatutako zazpi partidetatik sei irabazi zituzten elgoibartarrek. Azkenean, baina, Joxe Angel eta Joxe Mari Alastueyren aurka amore eman behar izan zuten, hain justu, finalera ailegatu zen Iruñeako bikotearen aurka. Finalean, Ibai Esoian eta Rikardo Uzkudun orioarrek irabazi zieten nafarrei.
 Salegi eta Garate pozik daude txapelketan eginiko lanarekin, baina finala jokatzeko aukera eskura izan eta gero, urrunago ez ailegatu izanaren pena pixka bat ere badute. Penak kitatzeko, gutxienez, sari moduan eman zizkieten ardo botila, kafea eta beste oroigarri batzuekin bueltatu dira etxera.

Lotura duten albisteak: