Sutean kaltetutako boliviarrek elgoibartarren elkartasuna eskertu nahi izan dute

elgoibarren.net 2010ko mar. 23a, 08:13

San Frantzisko kaleko sutearen ondorioz, soinean zutenarekin bakarrik gelditu ziren Elgoibarren bizi diren zenbait boliviar. Elgoibartar asko joan zaie laguntza eskaintzera, dela jatekoa, arropa edota dirua. Horiek horrela, Elgoibarren bizi diren boliviarren kolektiboak eskerrak eman nahi dizkie elgoibartarrei erakutsitako “bihotz on, elkartasun eta sentsibilitateagatik”.
JAIALDIA: Gainera, kaltetutako herrikideei laguntzeko jaialdia antolatu dute. Domekan (martxoak 28) izango da Ermuaran-Sallobenten.


1706639806259 Sutean kaltetutako boliviarrek elgoibartarren elkartasuna eskertu nahi izan dute

Sutean kaltetutako familia boliviarraren alde egindako “isileko lan eskuzabala” eskertu nahi du, bereziki, Elgoibarren bizi diren boliviarren kolektiboak (Elgoibarren bizi diren Boliviarren Elkarteak eta Santa Cruz FC Kirol Klubak).
 Bide batez, familia horri laguntzeko aukerarik izan ez dutenentzat kontu korronte bat zabaldu dutela jakinarazi dute, Euskadiko Kutxan: 3035-000724-0071116815. Era berean, telefono zenbaki bat ere jarri dute, lagundu nahi duenarentzat: 675 940 901.
  • BIDEOA: Sua piztu zen etxebizitzako bizilagunen adierazpenak, ezbeharra gertatu eta minutu gutxira, bideo honetan (eitb.com)

Jaialdia Ermuaran-Sallobenten
 Erre zen etxean bizi zen familia boliviarra laguntzeko jaialdia antolatu du Elgoibarren bizi diren boliviarren kolektiboak. Datorren domekan (martxoak 28) egingo dute jaialdia Ermuaran Sallobenten, 10:00etatik aurrera. Hamar euroren truke Boliviako jaki eta edari tipikoez osatutako platera dastatu ahal izango da eta baita hainbat produktuz osatutako otarraren zozketan parte hartu ere. Boliviar gastronomiako bi plateren artean aukeratu ahal izango dute Sallobentera hurbiltzen direnek. Batetik, Picantea (oilaskoa, arroz saltsa eta yuca) eta bestetik txerrikiak entsadalarekin.