Etxeberriaren taldekide izandako Athleticeko jokalari ohiek (Urzaiz, Larrazabal, Alkorta, Ezquerro, Del Horno, e.a.) eta Espainiako selekzioan taldekide izandakoek (Raul, Guti, Michel Salgado, Baraja, e.a) parte hartuko dute Etxeberriaren aldeko omenaldi partidan. Caparrosek Jose Angel Iribarren laguntza edukiko du Athletic zuzentzeko eta Ernesto Valverde izango da Etxeberriaren lagunen taldeko entrenatzailea. Txapeldunen ligako finalaren egun berean, maiatzaren 22an, jokatuko dute Etxeberriaren omenaldiko partida, liga amaitu eta sei egunera.
Omenaldi partida honetaz gain, posible da Athleticek Elgoibarko jokalariari omenaldi gehiago ere egitea. Izan ere, hamabost denboraldi jokatu ditu Etxeberriak talde txuri-gorrian eta Ibaiganeko klubarekin partida gehien jokatu dituztenen zerrendan hirugarren lekuan dago. Aurten, gainera, kobratu gabe jokatzen dihardu. Aurrera begira, urte sabatiko baten ostean, entrenatzaile titulua ateratzea da Etxeberriaren asmoa, hortaz, ez dirudi futbola guztiz lagako duenik.
•Menorcaz maiteminduta
Omenaldi partida Menorcan jokatzeko ideia orain hiru urte sortu zela azaldu du Etxeberriak: “erretiratzen nintzenean Menorcan jokatu behar nuela agur partida esan zidan lagun batek, erdi txantxetan, eta ideia ezin hobea iruditu zitzaidan”. Menorca uharteaz maiteminduta dago elgoibartarra; urteak dira oporrak bertan pasatzen dituela eta etxe bat ere erosita dauka bertan. Horrez gain, lagun eta futbol jokalari mordoa ailegatu dira uharteraino Etxeberriaren gomendioak jarraituz.
∞Lotura duten albisteak:
- Hiru milioi euro Qatarren futbolean jokatzeagatik (2010-01-19)
- Zubiaurreren debuta San Mamesen eta Etxeberriaren 500. partida (2009-09-18)
- Kobratu gabe jokatuko du Joseba Etxeberriak azken urtea Athleticen (2008-10-02)
- Iribar mitikoa bakarrik dauka aurretik Etxeberriak (2008-04-24)
- Joseba Etxeberria: “Alaba ikusten dudanean tristura guztiak ahazten zaizkit"