Jubenil mailako nesken Euskadiko eskubaloi txapelketa Kiroldegian jokatuko da asteburuan

elgoibarren.net 2010ko mar. 25a, 11:13

 
Euskadiko eskubaloi txapelketa etxean irabazteko aukera izango dute Grupo Eibar Sanlo taldeko neskek asteburuan, Olaizaga kiroldegian jokatuko baita jubenil mailako Euskadiko Txapelketa. Txapela lortzeko bidean Usurbil, Zarautz eta Etxebarriko taldeak hartu beharko dituzte mendean elgoibartarrek. Era berean, senior mailako bi taldeek ere partida garrantzitsuak jokatuko dituzte asteburuan; etxean gizonezkoek eta kanpoan emakumezkoek.


Jubenil mailako Euskadiko txapelketa
Grupo Eibar Sanlo taldeak Euskadiko talderik onenen aurka neurtuko ditu indarrak asteburuan, jubenil mailako Euskadiko talderik onena izateko borrokan. Hona hemen jokatuko dituzten partidak eta ordutegia.
Barixakua, 26
  • 18:00 CB Kukullaga – Aiala Ostalaritza E. Zarautz
  • 20:00 Usurbil KE – Grupo Eibar Sanlo
Zapatua, 27
  • 18:00 CB Kukullaga – Grupo Eibar Sanlo
  • 19:30 Aiala Ostalaritza E. Zarautz – Usurbil KE

Alcortaren estreinako partida igoera fasean

Denboraldi aparta egiten ari dira Alcortakoak.

Alcorta Forging Group senior gizonezkoen taldeak Bigarren Nazional mailara igotzeko txartela ematen duen igoera faseko estreinako partida jokatuko du asteburu honetan Olaizaga Kiroldegian. Loyola Deusto taldearen aurka jokatuko du, zapatuan (martxoak 27), 21:00etatik aurrera. Igoera fasean sei taldek jokatuko dute elkarren aurka: Hipuzkoako hiru taldek, Bizkaiako bik eta Arabako batek. Bi onenen artean sailkatzea izango da guztien helburua; igoera lortzeko giltza baita.

Tecnifuelle, hil ala bizi
 Hil ala biziko partida jokatuko du Tecnifuellek, senior emakumezkoen mailako taldeak Zuazo taldearen aurka, asteburu honetan, Barakaldon. Igoera fasea jokatzeko sailkatu nahi badute derrigorrean irabazi beharko dute partida hori elgoibartarrek, baina ez da nahikoa izango, Urdaibai taldeak, bigarren sailkatuak, bere partida galtzea ere ezinbestekoa baita elgoibartarrak sailka daitezen. Tecnifuellek ez dauka lan erraza, batetik, laugarren sailkatuari irabazi beharko diolako etxetik kanpo, baina Urdaibaikoek ere ez daukate partida xamurra: IES Construcciones liderraren aurka jokatuko dute-eta.

Tekniko eta entrenatzaileentzako hitzaldiak
 Isidoro Martinez Martin, juniorren hautatzailea eta maila apaletako mutilen Espainiako selekzioen hautatzailea, eta Jorge Dueñas, Espainiako emakumezkoen selekzioko hautatzailea, ekarriko dituzte bihar. Izar gazteen inguruan jardungo du Isidoro Martinezek, zapatuan, 11:00etatik 12:30ak arte. Jorge Dueñasek, berriz, infantiletatik jubeniletara arteko mailetan kontuan hartu beharreko arlo fisiko, tekniko eta taktikoen gainean jardungo du, zapatuan, 12:30etik 14:00ak arte. Hitzaldiak tekniko eta entrenatzaileei zuzendutakoak dira, eta interesatua dagoenak Euskadiko Eskubaloi Federazioaren web orrian eman behar du izena. Izen emateak 15 euro balio ditu, baina prezio horretan bazkaria ere sartzen da.