Izurde arrunta eta obturazio-abiadura

Antton 2010ko mar. 26a, 08:39

Argazkilaritzaren oinarriak oinarri-oinarritik azaltzen hasteko, argazkien izaera ezaugarritzen duten hiru faktore nagusiak azalduko ditut blog honetako lehenengo hiruzpa lau sarreretan: obturazio-abiadura, diafragmaren irekidura eta sentsibilitatea. Lehenengo honetan obturazio-abiaduraz hitz egingo dudanez, egokia iruditu zait iazko udan Getariako kostatik milia eta erdi ingurura atera nuen izurde arrunt baten argazki hau.

Izurde arrunta (Delphinus delphis)
Xehetasunak Data: 2009/07/12
Lekua: Getaria (kostatik 1,5 miliara)
Obturazio-abiadura: 1/1.250
Diafragmaren irekidura: f5,6
Foku-distantzia: 80 mm
Sentsibilitatea: ISO 400 Kamera: Nikon D90
Objektiboa: Nikkor 18-105 mm f3,5-5,6
Postprodukzioa: argien eta tonuen doikuntza Adobe Photoshop (argitasun-kurba eta tonu-mailak) bidez eta berrenkoadraketa.

Izurde arrunta (Delphinus delphis)

Izurde arrunta, munduko izurderik ugarienetariko bat da. Batez ere ur tropikal eta epeletan bizi diren arren, ohikoak dira Bizkaiko Golkoko uretan. Talde handietan bizi dira eta itsasontzietara hurbiltzeko joera dute, horiek sortutako olatuekin jolas egitera. Hain zuzen, argazki hau horrela atera nuen, ez gu beraiengana hurbildu ginelako, beraiek gure ontziaren brankara jolastera hurbildu zirelako baizik. Euskal kostaldeko hiru izurde espezieen artean lagunkoienak direla esan daiteke.

Urte askoan ehizatua izan delako populazioak asko murriztu diren arren, zetazeo guztiak bezala, gaur egun, babestuta dagoen espeziea da. Bestalde, Kantauri itsasoan ez du harraparirik; izan ere, orkak eta marrazo batzuk dira animalia honen harrapari nagusiak, eta, gurean, ez da ez orkarik –baten bat sekula agertu bada ere– ez marrazo haragijalerik ere. Horrexegatik haren kontserbazio-egoerak onera egin du azken hamarkadetan.

Kantauri itsasoko zetazeoak

Askok kontrakoa uste duten arren, Kantauri itsasoan bada zetazeorik. Egia da duela 100-200 urteko aberastasunik ez dagoela, ordura arte Bizkaiko Golkoa munduan zetazeo gehien biltzen zen lekuetako bat baitzen. Izan ere, Bizkaiko Golkoak aberastasun handia ematen dion egitura oso berezia du, eta, horrek, zetazeoentzat leku ezin hobea bihurtzen du. Azken mendeetan, ordea, gizakiaren eraginez, espezie ugari galdu dira, euskal balea (Eubalaena glacialis) ezaguna tartean.

Hala ere, gaur egun ditugun zetazeoak ere ez dira gutxi eta euren kontserbazio-egoera hobetzeko ahalegin berezia egin beharrean gaude. Ez dira asko zetazeoen egoera aztertzen diharduten taldeak, baina horietako bat da Euskal Izurde eta Baleazaleen Elkartea (EIBE). Hain zuzen, elkarte horren kanpaina batean atera nuen gaurkoan blogean jarri dudan argazkia.

Kantauri itsasoan hiru izurde-espezie aurki daitezke: argazkiko izurde arrunta (Delphinus delphis), eta blogeko beste artikuluren batean aurkeztuko ditudan izurde handia (Tursiops truncatus) eta izurde marraduna (Stenella coeruleoalba) . Horiez gain, pilotu-izurde hegalaburrak (Globicephala melas), Cuvier moko-baleak (Ziphius cavirostris) eta zere arruntak (Balaenoptera physalus) ere ohikoak dira.

Noizean behin agertzen dira izurde muturmotzak (Grampus griseus), mazopak (Phocoena phocoena), zere txikiak (Balaenoptera acutorostrata) eta kaxaloteak (Physeter macrocephalus).

Obturazio-abiadura

Zetazoak alde batera utzita, argazkilaritzaren oinarrizko faktore bat aztertuko dugu gaurkoan.

Argazki baten izaera definitzen duten ezaugarrien artean ulerkorrena da, ziurrenik, obturazio-abiadura. Obturazio-abiadura kameraren obturadorea irekita mantentzen den denbora tartea da. Obturadorea berriz, kameraren sentsorera edo pelikulara argia sartzen uzten duen dispositiboa da, gure betazalen pareko egitura, alegia.

Obturazio-abiadura segundoetan edo segundo frakzioetan adierazten da (2 s edo 1/3.400 s, adibidez); baina, hala ere, ez dira balio jarraiak izaten, diskretuak baizik. Hau da, kamera batekin posible da 1/250 segundoko obturazio-abiadura erabiltzea; ez, ordea 1/300 segundokoa. 1/250-en hurrengo jauzia 1/500 da, eta ez dago tarteko baliorik. Izan ere, beste batean azalduko dudan moduan, diafragmaren irekidurarekin batera esposizio-balioa zehazten du obturazio-abiadurak, eta, horretarako, ezinbestekoa da balio diskretu batzuetara doitzea. Reflex argazki-makinen obturazio-abiadura maximoak 1/4.000 edo 1/8.000 izan ohi da.

Argazki honen obturazio-abiadura 1/1.250 da, nahiko azkarra, alegia. Obturazio-abiadura azkarrak ezinbestekoak dira mugimenduan dauden objektuak bereizmen onarekin atera ahal izateko; bestela, mugituta ateratzen baitira. Argazki horren obturazio-abiadura azkarra ur-zipristinetan ikus daiteke, batez ere.

Obturazio-abiadura motelak argitasun faltak eraginda edo beste efektu batzuk lortzeko erabiltzen dira, baina hori, hurrengo baterako utziko dugu.

Ondo izan!