Argi laga behar da hau guztia proiektu bat besterik ez dela oraingoz. Pare bat hilabeteko epean idatzita egongo da oinarrizko proiektua, baina paperean jasota dagoenak ez dauka zertan, zehatz mehatz, gero egingo dena izan, abiapuntu bat baizik. "Proiektua idatzi ostean, bertan ageri den guztia nola finantzatu aztertu behar da forma ematen hasi aurretik, eta horretan dihardugu”, azaldu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak.
Guztiaren oinarrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Tren Sarearen gaineko Lurralde Plan Sektorialak (41/2001 dekretua) dioena dago. Izan ere, zamak garraiatu ahal izateko, bidaiarien garraiorako ezinbestekoak diren Durango eta Zaldibar arteko trenbidearen bikoizketa, Ermua eta Elgoibar artera ere zabaltzea eta Elgoibarko geltokia egokitzea proposatzen du plan horrek. Gauzak horrela, egin beharreko lan horiek aprobetxatuz, inguru guztia aldatu eta herri guztiari eragingo dion proiektua martxan jartzeko unea "orain" dela uste dute udal agintariek, eta herria bitan banatzen duen trenbideak sortzen dituen oztopoei irtenbide “dotorea” ematea da euren asmoa. Hona hemen proposatzen dutenaren zenbait zertzelada:
•400 aparkaleku lurrazpiko bi solairutan
Lurrazpian egingo liratekeen bi solairu aurreikusten ditu Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Eusko Trenbide Sareak (ETS) eginiko azterlanak. Horretarako zortzi metroko zuloa egingo dute lurrean eta bi solairu eraikiko dituzte lur azpian; 300 bat metro luze eta 35 metro zabal. Baxuen egongo den solairuan aparkalekuak egingo dituzte, eta honen gainekoan aparkaleku gehiago (400 eta 450 aparkaleku inguru bi solairutan), tren geltoki berria eta 1.500 metro karratuko tartea jarduera ekonomikoetarako -merkatal zentro edo antzerakoak-. Tren geltoki berrirako sarrera Leku Eder parkean, Musika eskola ondoan dagoen haur parke inguruan jarri daitekeela aurreratzen du proiektuak.
Aparkalekuetarako sarrera, aldiz, karakol inguruan egongo litzatekeela aurreikusten dute. Aparkaleku horiek alokairuan edo urte batzuetarako lagako ditu Udalak, “lurrazpiko aparkalekuak ezin baitira saldu”, azaldu du Etxeberriak.
•San Rokeko aldapa kendu
Trenbidea orain dagoen altueran geratuko den arren, trenbidearen bikoizketak –zabaldu egin beharko da- San Roke auzora joateko egun erabiltzen den aldapari eragin diezaioke. Izan ere, aldapa hori kentzea aztertzen ari da Udala. San Roke auzoa eta erdigunea batzeko beste irtenbide batzuk daudela uste dute, eskailera mekanikoak edo igogailuak, kasu. Lau gunetan jarriko lituzkete: anbulatorioa eta Olaizaga kiroldegia bitartean, Artekaleko eskailera mekanikoen jarraian, Inazio Bereziartua musika eskola parean eta san Inazio kalearen amaieran.
•San Rokeko aldapa kendu
Trenbidea orain dagoen altueran geratuko den arren, trenbidearen bikoizketak –zabaldu egin beharko da- San Roke auzora joateko egun erabiltzen den aldapari eragin diezaioke. Izan ere, aldapa hori kentzea aztertzen ari da Udala. San Roke auzoa eta erdigunea batzeko beste irtenbide batzuk daudela uste dute, eskailera mekanikoak edo igogailuak, kasu. Lau gunetan jarriko lituzkete: anbulatorioa eta Olaizaga kiroldegia bitartean, Artekaleko eskailera mekanikoen jarraian, Inazio Bereziartua musika eskola parean eta san Inazio kalearen amaieran.
Santa Ana kalea eta Madala batzen dituen Trenbide kaleak, zabalduta eta berrituta, garrantzi handiagoa hartuko luke herriko mugikortasunean eta erdiguneko kaleak oinezkoentzat jartzea ahalbideratuko luke, bestalde.
•300 metroko pasealekua
Trenbidea estaltzeak, gainaldean “demaseko parkea” egiteko aukera eskaintzen du. Karakoleko pasabide (bota egingo lukete) paretik hasi eta Gure Bide elkartea dagoen pareraino. Bi altuera izango lituzke pasealekuak, Pista Beltzaren pareraino alboetan eta San Roke auzoko 28 eta 30 portaleen artean dagoen harrizko parkera arteko altuera erdialdean.
Jarduera ekonomikora bideratutako eraikuntzak egitea ere aurreikusten dute udal arduradunek trenbidearen gainean sortuko den gune berrian. “Bizpairu eraikin izango lirateke, estrategikoki jarriak, sekula ez Leku Ederreko etxeak baino altuagoak eta ahalik eta kalte gutxien eraginez inguruko etxeei”. Udal zerbitzuak edo eskualdeko enpresa eta eragileak bertan kokatzeko leku aproposa izan daitekeela uste du Etxeberriak: “Ermua eta Deba artean trenak metro baten antzera funtzionatzen badu, eta horixe da 2011tik aurrera martxan jarriko den tranbia zerbitzuaren helburua; Eibar eta Elgoibar artean trenak hamabost minuturo ibiltzea, alegia, 50.000 lagun inguru bizi diren eskualdean puntu estrategikoa izan daiteke bertan kokatzeko. Honekin, azken finean, lana sortuko litzateke, eta egin beharreko inbertsio handiak finantzatzeko diru iturriak lortzeko modu bat ere bada”, azaldu du Elgoibarko alkateak.
∞Lotura duten albisteak: