Bi elgoibartarren iritziak 'Argia' astekarian

elgoibarren.net 2010ko mar. 30a, 11:05

 Aste honetako Argia astekarian bi elgoibartarren iritziak topatu ditugu: Aitor Zabaleta kazetariak, agintariek beren inguruko errealitatea den bezalakoa ikusteko dituzten zailtasunez berba egiten du Kartoizko  munduak artikuluan. Iñaki Odriozola irakasleak, berriz, kontratu sozialaren gainean dihardu Kontra(k)tu(ra) soziala artikuluan. Biak ala biak ekarri ditugu gurera.



Kartoizko munduak
 “Demokrata zein diktadore, eskuindar edo ezkertiar, koipe emailez babesturik egoten dira boteredunak, kaletik baino zerutik hurbilago. Denok beharko genuke egia esaleren bat”, idatzi du Aitor Zabaletak Argia astekarian. “Agintarien kasuan behar-beharrezkoa litzateke hori, premiazkoa, egia esale profesionalak kontratatu beharko lituzkete”, dio bertan, eta adibideak ere jarri ditu: herrikideek fusilatu zuten Nicolae Ceaucesku Errumaniako presidente izandakoa eta Ugandako Idi Amin presidente ohia. Gurera etorriz amaitzen du artikulua, “Euskal Herriaren izenean berba egiten duten kaputxadun pistoladunei egia aurpegiratu diete, behingoz, orain arte amen esan dietenek. Horixe dirudi behintzat. Egia adierazteak libre egingo ditu. Hala espero, guztion onerako".

Kontra(k)tu(ra) soziala
 Gizabanakook dauzkagun eskubideen eta betebeharren arteko orekan, kontratu soziala delakoan, Kontratu hori “kontraktura mingarri”  bihurtu zaiola idatzi du Iñaki Odriozola irakasle elgoibartarrak Argia astekariko bere artikuluan. “Eskubideak urratu izan zaizkidala sumatu izan dudanean –dena esan behar– ez naiz isilik gelditu, baina ez dut inoiz erantzukizuna zuena aurkitzerik lortu, eta ez dut lortu zanpatutakoaren erantzukizuna zuenak ordaintzerik. Eta konturatu naiz, ostera, betebeharrak, guztiak, betearazten dizkidatela. Eta betetzen ez baditut mehatxuak, isunak, kartzela edo arazo larriak izan ditzakedala, egitura 'babesle' –indartsu– horren aldetik. Beraz, niretzat behintzat, kontratu hori kontraktura mingarria bihurtu zaidala aspalditik, sentitzen dut”.