Jasotako proposamen ezberdinak aztertu ostean, behin betiko proiektua onartu beharko du Diputazioak, obren eskaintza egin gero, eta, azkenik, Altzolako zeharbidea berritzeko lanak amaitu beharko ditu eskaintza irabazten duen enpresak, urtea amaitu baino lehen.
Zubibai, Altzolako auzotarren elkarteak, aspaldi eskatu zuen Altzolako zeharkaldian lehenbailehen esku hartu beharra zegoela. Eurek esandakoaren arabera, 2003tik 2007ra lagun bat hil eta beste 49 zauritu dira auzoa zeharkatzen duen errepide zati "arriskutsu" horretan.
•Bidea estutuko dute
Altzola paretik trafiko handia pasatzen dela berretsi zuten Foru Aldundiaren ikerketek, baita gidariak abiadura handian joaten direla ere. Autoen gehiegizko abiadurak sortzen duen arriskua gutxitzeko errepidea estutzea da Diputazioko teknikariak proposatzen duten irtenbideetako bat eta halaxe jasota dago proiektuan. Zirkulazioa bereiztuko lukeen irlatxo bat jarriz, gidariek bidea estutzen dela ikusiz, abiadura moteltzeko joera ei dute.
•Sarrera-irteeretarako erreiak:
Altzola auzoko sarrera-irteerak errazteko sarrera eta irteeretarako errei berriak egingo dituzte, ez baitago errotonda bat jartzeko nahikoa lekurik. Santa Klara auzorako (Txankakua zubi ondoan) sarrera irteeren antza edukiko duela Altzolakoak (Altzolabe baserriaren ondoan) adierazi du Alfredo Etxeberria alkateak. Abiadura bizkortzeko errei bat egongo da auzotik Elgoibarrerantz doazen ibilgailuentzat, eta abiadura bizkortzeko irlatxo bat ere jarriko dute Altzolatik Debarantz aterako diren ibilgailuentzat.
∞Lotura duten albisteak: