Aurrerantzean ezingo da Nortasun Agiria Eibarren eskuratu

elgoibarren.net 2010ko mar. 31a, 10:34

Muga teknikoak direla eta, martxoaren 26an Espainiako Poliziak NAN bideratzeko zerbitzua eskaintzeari laga zion Eibarko bulegoan”, azaldu du Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkaritzaordeak. Ondorioz, elgoibartarrok eta Deba bailarako bizilagunok, oro har, Donostiara Irunera, Bilbora edo Gasteizera joan beharko dugu karneta egin edo berritzera.


 Zerbitzua bertan behera lagatzea eragin duten muga teknikoak horrela azaldu dituzte: “Toki batetik bestera mugitzeko zailak diren makina konplexuak behar dira eta, horrez gain, komunikaziorako lineak ere bereziak dira eta ez dira erraz lortzen. Gainera, NAN egiteko prozesu osoan interesatua bertan egotea beharrezkoa da eta, beraz, orain arte Eibarren epe bitan, astelehenenean eta eguaztenean agiria egiteko moduari jarraitzea ezinezkoa da. Horregatik, nortasun agiriaren berritzea bakarrik Espainiako Poliziaren bulegoetan egingo da”.
Hitzordua eskatu behar da
  Nortasun Agiria egin edo berritzeko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da (internet bidez edo 902 247 364 telefono zenbakian). Aipatutako bulegoetan egun bakarrean eskuratuko da agiri berria: 30 urtetik beherakoen kasuan bost urteko epean izango du balioa, 30 urtetik gorakoen kasuan hamar urteko epean eta 70 urtetik gorakoen kasuan, berriz, balio iraunkorra izango du.
 Bestalde, norbaitek ezohiko arrazoiak bitarte agiria eskuratzeko aparteko presa izango balu, eta horretarako arrazoiak justifikatu baditzake, aldez aurretik hitzordua eskatu gabe komisariara joateko aukera izango du.

 NAN elektroniko berriak txipa dauka eta bertan hatz-marka informatikoki inprimatuta darama. Horri esker administrazio publikoarekin, enpresekin zein beste hiritar batzuekin internet bidez gestio ugari (besteak beste, lan-historiala edo langabezia-laguntzak eskatzea, zergak ordaintzea eta on-line bankara sarbidea izatea) "modu eroso eta seguruan" egiteko aukera dago.

  *Iturria: etakitto.com