Udaberriko eguaztenetan sei mendi emanaldi eskainiko ditu Morkaikok

elgoibarren.net 2010ko mar. 31a, 11:39

 
Apirilaren 14tik maiatzaren 19ra arteko eguaztenetan, Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditorioan izango dute zita mendizaleek. Morkaiko mendi taldeak sei mendi emanaldi eskainiko ditu aurten, laugarren urtez jarraian antolatzen duen ‘Udaberriko Asteazkenetan Mendi Emanaldiak’ zikloan. Hitzaldi eta ikus-entzunezkoez gain, mendi eskiko materialaren inguruko tailerra izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Arkaitz Irureta eta Iker Leonardo elgoibartarrek materiala zaindu eta konpontzeko gomendioak eskainiko dituzte.


  • Shisha Pangma, 8.027 metro.

    Apirilak 14: Koke Lasa (Shisha Pangma, bide britainiarra): Koke Lasa mendi goizaleak Shisha Pangmara (8.027 m), hego mendebaldeko aurpegitik, eginiko igoera ikusi ahal izango da bideo honetan. Doug Scout eta Alex MacIntery britainiarrek 1982. urtean irekitako bide zuzen eta zailtasun handikoan gora, estilo alpinoan, eginiko igoera “dotorea”, hain zuzen ere. Mendiaz aparte, tibetarren bizimodua bistaratzen du bideoak eta baita mendizaleekin lanean aritzen diren tibetarren lan gogorra ere.
  • 1706639797758 Udaberriko eguaztenetan sei mendi emanaldi eskainiko ditu Morkaikok

    Apirilak 21: Alberto Zerain (Chogoriren bi aurpegiak): 2009ko udan Broad Peak-K2-ra antolatutako espedizioari buruzko ikus-entzunezkoa. Emanaldiaren lehen zatian Pakistanera iritsi eta Broad Peak mendiko kanpamentu-basera iritsi zireneko uneak erakusten dira. Girotze aldiko irudiek eta Broad Peak igotzeko asmoaren huts egiteari buruzkoek argi asko erakusten dute zein zaila den elkarrengandik hain hurbil dauden bi helburu lortu nahi izatea. Bigarren zatian, mendia igotzeko beste aukera baten zain dagoenarentzat, animua mantentzeak daukan garrantzia erakusten da. Abuztuaren 1ean iritsi zen, azkenik, denek irrikatzen zuten eguraldi ona. Alabaina, ametsak egi bihurtzeko egun aproposa zirudiena egun tragiko bihurtu zen; K2 mendiaren historian tragikoenetakotzat jo daitekeena.
  • 1706639797787 Udaberriko eguaztenetan sei mendi emanaldi eskainiko ditu Morkaikok

    Apirilak 28: Patricia Viscarret eta Alberto Urtasun (‘Bizitza izarren artean’): Mendiaren inguruko ezohiko ikus-entzunezkoa da honakoa. Hainbat urtean mendi arloko ezgaitasunarekin lotutako gaiak landu ondoren, Alberto Urtasunek eta Patricia Viscarretek ezgaitasunak dituzten pertsonek mendiarekiko eta eskiarekiko duten ilusioa islatu eta transmititu asmoz sortutako lana da.

  • Eslovenian daude Alpe Juliotarrak.

    Maiatzak 5: Imanol Telletxea eta Maria Eugenia Eguzkiza (‘Uda eta negua Eslovenian’): Alpe Juliotarrak erakusten ditu lan honek. Eslovenia orografia ikusgarria daukan herrialde ederra da: haranen gainean zintzilikatutako mendiak, baso zeharkaezinak, aintzirak,... Herrialde honetan mendia da kirol nazionala, eta ehun urtetik gorako mendiko aterpeak ere baditu. 2007ko udan eta urte bereko eta hurrenagoko neguan, Maria Eugenia Eguzkiza eta Imanol Telletxea, lagun talde batekin, Triglav mendira igo ziren; eta herrialdearentzat ikur den gailur honetara iritsi, eta elkarrengandik horren ezberdinak diren bi sasoitan paisaia bera kontrastatzeko modua eskaintzen duen ikus-entzunezkoa grabatu zuten.
  • 1706639797848 Udaberriko eguaztenetan sei mendi emanaldi eskainiko ditu Morkaikok

    Maiatzak 12: Iñigo Loiola (Ama Dablam): Munduko mendirik ederrena da askorentzat Ama Dablam (6.856 metro). Debako Iñigo Loiolak bertan bizi izan zituen egunak kontatuko ditu.



  • Pierra Mentako partehartzaileak mendi ertzean gora.

    Maiatzak 19: Arkaitz Irureta eta Iker Leonardo (Pierra Menta): Bi elgoibartarrok Pierra Mentan mendi eski proban bizitako esperientzia kontatuko dite. Sailkapenari baino bizitako esperientziari eman nahi zioten garrantzia, eta halaxe egin dute. Liluratuta itzuli dira bertako paisaia, ibilbide malkartsu eta giro ezin hobeaz. Hitzaldia hasi baino lehen, mendi eskiko materialaren inguruko tailerra eskainiko dute bi eskizaleek, Kultur Etxean. Eski materiala zaindu eta konpontzeko gomendioak jasotzeko aukera aparta izango da. 

    *Sei emanaldiak eguaztenetan izango dira, 21:30ean, Musika Eskolako auditorioan.