Haundi futbol taldea eta Kongoko umeak laguntzeko zozketak

elgoibarren.net 2010ko api. 6a, 15:03

Haundi futbol taldea, aurten ere, egiten ari den denboraldi apartari babes ekonomikoa emateko asmoz, Santiago Bernabeun, maiatzaren 22an, jokatuko den UEFA Champions League txapelketako finala ikusteko bi sarrera zotz egingo ditu Klub Deportibo Elgoibarrek. Oso bestelako helburuak izanagatik bide berdina; zozketarena, alegia, aukeratu du  Jatabegintza taldeak. Urritasun fisikoak dituzten Congoko 50 umeri lagundu ahal izateko Gemma Monreal margolari elgoibartarrak lagatako koadro bat zozketatuko dute hauek.


Championseko finalera Haundiri esker

1706639796792 Haundi futbol taldea eta Kongoko umeak laguntzeko zozketak

Inork gutxik espero zuen, zuzendaritzako kideek ere ez, Haundi futbol taldeak iaz eginiko denboraldi bikaina errepikatuko zuenik, baina, aurten ere igoera fasea jokatzeko aukera ematen duten postuetatik oso hurbil daude Jaboba Arrasatek entrenatutako mutilak, liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan. (ikus sailkapena). Hortaz, gertakariei aurre hartu eta etor daitekeenaren aurrean: joan-etorrietako gastuak, jokalariei ordaindu beharreko ordainsariak, e.a. bizkarrak babestu eta kutxa ahalik gehien betetzea erabaki dute Klub Deportiboko agintariek. Hala, iaz egin zuten moduan –Errege Kopako finalerako sarrerak zotz egin zituzten- UEFA Champions League txapelketako finala ikusteko bi sarrera eta joan-etorriak (hegazkinez) zotz egingo dituzte. Maiatzaren 22an jokatuko da finala Madrilen. Bigarren saria ere ez da edonolakoa: bi lagunentzako 500 euroko afaria Eibarko Chalcha jatetxean. Hirugarren sari bat ere badago, 300 eurokoa. Guztira 12.000 errifa jarri dituzte salgai Elgoibar eta Mendaroko zenbait tabernetan.

Laguntza Kongoko umeei

1706639796825 Haundi futbol taldea eta Kongoko umeak laguntzeko zozketak

Urritasun fisikoak dituzten umeentzako barnetegi batean bizi diren Kongoko 50 umeri laguntzeko zozketa egingo du Jatabegintzak, “Hirugarren Munduko herrialde eta kristau elkarteei laguntzeko” sortu zen taldeak. Ume horientzako janaria, eskola zein zainketa sanitarioetarako 5.000 euro behar dituztela-eta, Gemma Monreal margolari elgoibartarrak laga dien koadro original bat zotz egingo dute. Zozketan parte hartzeko errifak euro batean saltzen dihardute. Ekainaren 18an, goizeko 11:00etan, egingo dute zozketa Kultur Etxean.