•Ekaitz Isasi, bizkor eta dotore
Lehen jardunaldian muino bat jaitsi behar zuten parte hartzaileek eta Ekaitz Isasik denborarik onena egin zuen. Hala eta guztiz ez zen proba irabazteko nahikoa izan, beste hiru partaidek ere elgoibartarrak eginiko denbora berdindu zuten-eta. Azkenean hirugarren postuan sailkatu zen.
Bigarren jardunaldian, berriz, abiadurak baino garrantzi handiagoa zuen mendia jaisteko moduak, jaitsierarik ikusgarriena eta dotoreena saritzen baitzuten epaimahaikideek. Bide bat begiz jota zeukan Isasik, baina lagun batek aurrea hartu eta beste bide “ez horren ikusgarria” jaitsi beste aukerarik ez zuen eduki. Zuku guztia atera zion, halere, eta epaimahaikideek Isasirena hirugarren jaitsierarik dotoreena izan zela erabaki zuten. Hortaz, bai abiaduran zein dotorezian hirugarren postuak eskuratu zituen Republika Freride snowboard txapelketan (ikusi hemen: sailkapenak).
- BIDEOAK: Ekaitz Isasi, akzioan (Republika freeride txapelketa baino lehenagoko irudiak dira)
•Elgoibartarrak Andres de Regil mendiko eski lasterketan
Joan den asteburuan egin zuten Potesen (Kantabria) Andres de Regil-BBK Saria, Euskal Mendizale Federazioko egutegiko azken proba, alegia. Zapatuan bikotekako lasterketa egin zuten eta kronoigoera domekan. Elgoibartik ez ziren eskiatzaile larregi joan, plaza kopurua mugatua baitzen, baina joan zirenek postu bikainak lortu zituzten. Iñigo Larizek sailkapen orokorrean lortu zuen 16. postua –zazpigarren postuan sailkatu zen kronoigoeran- eta Eñaut Izagirrek, junior mailako kronoigoeran, lortu zuen hirugarren postua nabarmendu behar dira. Kronoigoera, gainera, Euskadiko kronoigoera txapelketa ere bazen. (ikusi hemen: sailkapenak).
Informazio gehiago: Errexil (Ikusi mendizaleak bloga)